200 laguntzaile "speaking", "parler" edo "sprechen" indartzeko

Bigarren Hezkuntzako eta Hizkuntza Eskola Ofizialetako institutuek 200 pertsona dituzte ingelesez, frantsesez eta alemanez mintza-praktika egiteko.

Ahozko adierazpena funtsezkoa da atzerriko hizkuntza bat ikasteko prozesuan. Batzuetan zaila izaten da hizkuntza hori ama-hizkuntza dutenekin mintza-praktika egiteko aukera izatea, horretarako bidaiarik egin gabe. Elkarrizketa-laguntzaileen programak aukera ematen du oztopo horiek gainditzeko eta atzerriko hizkuntzetan ahozko trebetasunak indartzeko, laguntzaile horien egonaldiak finantzatuta. 2023-2024 ikasturte honetan atzerritik iritsitako 200 pertsona elkarrizketa-laguntzaile bihurtuko dira Euskadiko ikasleentzat, batez ere Bigarren Hezkuntzako ikastetxe publikoetan ari direnentzat eta Hizkuntza Eskola Ofizialetakoentzat.

Helburua atzerriko hizkuntzen ikaskuntza bultzatzea eta sustatzea da, zehazki ingelesa, frantsesa eta alemaniera. Elkarrizketa-laguntzaileak graduatu berriak edo bere jatorrizko herrialdean azken kurtsoko unibertsitate-ikasleak dira. Ez zaizkie irakasle titularraren berezko erantzukizunak egozten eta beraz, ez dute eurek bakarrik irakasten. Atzerriko hizkuntzako eskoletan irakasle titularrei laguntzea da bere zeregina. Funtsean, ikasleen ahozko trebetasunak indartu eta beren herrialdeko kulturaren eta ohituren berri ematen dute. Laguntzaileek astean 12 orduz ematen dituzte eskolak, irakasle titularrak lagunduta, eta eurei esker mintza-praktikak indartzen dituzte eskoletan.