2025-2026 ikasturteko argazkia

Hezkuntza-sistemak gizartean ematen diren aldaketak islatzen ditu, eta aldaketa horiek sakonak eta etengabekoak dira. Horrek berrikuntza eta egokitzapena eskatzen dizkigu. Testuinguru horretan, une egokia da ikasle guztientzako kalitatezko hezkuntza bermatuko duten oinarriak ezartzeko, bai epe laburrerako bai epe luzerako ikuspegitik.

Euskal Autonomia Erkidegoan 339.586 ikaslek hasi dute irailean 2025-2026 ikasturtea, unibertsitatez kanpoko hezkuntza-etapetan: Haur Hezkuntzatik Batxilergora eta Lanbide Heziketara arte.

Jaiotza-tasa jaitsi arren, matrikula bizia hirukoiztu egin da azken bost urteetan, iaz 8.000 ikaslera iritsiz. Horrek esan nahi du gero eta ikasle gehiago sartzen direla beste herrialde edo autonomia erkidego batzuetatik ikasturtea hasita dagoenean, eta horrek jaiotza-beherakadaren ondoriozko ikasle-galera arintzen laguntzen du.

Bi urterekin egiten den matrikulazioan, hezkuntza-sistemarako sarbide-maila nagusian, jaiotza-tasaren antzeko beherakada gertatzen da: 2021etik 2024ra jaiotzak %13,35 jaitsi dira, eta matrikulak, berriz, %12,43. Hala ere, bi urteko haurren eskolatze-tasa gora egiten ari da, eta gaur egun %90etik gertu dago.

Ikasleen kopurua orokorrean jaitsi egin bada ere (bereziki Haur eta Lehen Hezkuntzan), Lanbide Heziketan gorakada nabarmena izan da: guztira 49.555 ikasle ari dira bertan ikasten.