
Euskadiko Lanbide Heziketak 25 gela digital interaktibo berri izango ditu aurki, 17 ikastetxe publikotan. Mahai interaktiboz eta gelako lau hormak gailu digital erraldoi bihurtzen dituzten proiektorez hornituriko espazioak dira, eta aukera ematen dute ikaskuntza aktibo kolaboratiboan aurrerapauso bat egiteko, metodologia hau ingurune erabat digitalera ekarrita.
Badira hamar urte Euskadiko Lanbide Heziketak ikaskuntza aktibo kolaboratiboaren aldeko apustua egin zuela, ETHAZI deituriko zikloen bidez (Etekin Handiko Zikloak). Ikasleek erronkei konponbideak aurkituz eta taldean lan eginez ikasten dute metodologia honetan. Eredu honek aurrerapauso berri bat egingo du orain eta ingurune digitalean sartuko da, Lanbide Heziketako ikastetxeetan 25 gela adimendun digital interaktibo sortzearekin. Hezkuntza Sailak 5,2 milioi euroko inbertsioa egingo du horretarako.
Gela adimendun digital interaktiboa
Teknologia digital eta interaktibo berriek talde-lana dinamizatzeko sekulako potentzialtasuna dute, eta, beraz, Lanbide Heziketako ikasgelak komunikazio-modu eta teknologia horietara egokitzeak biderkatu egiten du potentzial hori prestakuntza-prozesurako baliatzeko aukera.
Ikasgela digital interaktiboa definitzen duten elementu bereizgarrien artean, nabarmendu beharrekoak dira honako hauek: erronkak ikaskuntza-tresna gisa erabiltzea, talde-lanean aritzea eta espazioen malgutasuna, ikasgelak hornitzeko beharrezkoa den ekipamendu digitalaz gain.
- Gelako espazioak zein bertako gailuek ikasleak talde-lanean aritzea erraztu behar dute. Horretarako, gailu digital guztien disposizioak ere dinamikoa behar du izan, ikasgelan garatu beharreko dinamikara egokitzeko.
- Gailuak, mahai digital interaktibo handiak dira batez ere, non ikasle talde bakoitzak elkarlanean aritzeko aukera izango duen. Gela interaktibo batek, halaber, hormek elkarlanerako eskaintzen duten aukera baliatzen du, gelako lau hormei interaktibitatea emanez eta horiek gailu digital erraldoi bihurtuz.
- Lan taldeen arteko elkarlana sustatzea helburu, gailuen arteko konektibitatea izango da funtzionalitate nagusietako bat. Bai mahai digitalen artean, zein mahai eta hormen artean ere ikasleek landutako edukiak partekatzeko aukera eskaintzen da.
- Baina elkarlana ez da horretan soilik geratzen eta sistema ikuspegian sakonduz, gela desberdinen arteko (ikastetxe berean edo ikastetxe desberdinetan egon) konektagarritasuna eta interaktibotasuna ere bermatzen du. Informazio-truke aberasgarri honekin, ikaskuntza aktibo kolaboratiboaren aukeretan are gehiago sakontzea ahalbidetzen du.
- Hormen interaktibotasuna probestuz 360º-tako esperientzia inmersiboa ere eskeiniko da ikasleei informazio zein prozesuak helarazteko modu gisa.
Gela adimendun digital interaktibo bakoitzak honako gailu hauek izango ditu:
- 5 mahai digital interaktibo, laupabost ikasleek bertan lan egiteko tamainakoak, gutxienez 55”.
- Mahaietarako oinarri mugikorrak gelaren disposizioaren malgutasuna bermatzeko.
- 4 hormetarako 360º proiekzioak ahalbidetuko dituzten proiektagailuak.
- 4 paretetako sensorifikazioarako laser bidezko gailuak.
- Kalitatezko soinu, audio eta bideo sistemak.
- Gelako baliabideen kudeaketarako gailu mugikor bat.
Ikusi hemen Euskadiko Lanbide Heziketako gela interaktibo bat erakusten duen bideoa.