Irakurtzen ikasi, ikasteko irakurri

Euskadiko Irakurketa Estrategia indartu egin da, irakurketa hobetzeko esku-hartze ekimen zehatzak txertatuta. Ondo irakurtzea funtsezkoa denez ikaskuntzarako, ikasleek edozein testu behar bezala interpretatzen jakitea da helburua.

 

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Irakurketa Estrategia indartu du. Irakurketa-maila hobetzeak ikasleek ikasteko duten gaitasuna hobetzea dakar eta, horretarako, estrategia berritu da ikastetxeekin lankidetzan. Helburu nagusia irakurle trebeak prestatzea da. Irakurketak bizitzako edozein esparrutan arrakasta lortzeko funtsezko trebetasunak garatzen laguntzen du. Hizkuntza eta komunikazioa garatzen ere laguntzen du. Ikastetxeko Hezkuntza Proiektuaren barruan, Irakurketa Estrategia ikastetxe bakoitzeko funtsezko ardatzetako bat izango da.

Estrategia oraintsu eguneratu bada ere, ikasleen artean irakurketa indartzeko lana ez da berria. Orain, estrategiak barne hartzen dituen proiektu berrien bidez, ikasleen irakurketa-maila hobetzeko tresnak jarri dira ikastetxeen eskura. Aldi berean, ikastetxe bakoitzeko gobernantzak garrantzia du haien egoera baloratzeko eta tresnak aplikatzeko orduan; ikastetxe bakoitzak bere erabakiak hartuko ditu esku hartzeko. Hala ere, esparru horretan parte hartzea haratago doa, familiek funtsezko zeregina baidute. Estrategian aipatzen dira, besteak beste, familien eta irakasleen arteko lankidetza, familiek irakurtzeko motibazioan duten eragin zuzena eta familia elkarteek edo inguruko baliabideek –liburutegiek, esaterako- irakurzaletasuna piztearekin duten harremana.