
2024-2025 ikasturtearen hasiera oraindik ere urrun egon arren, datorren ikasturterako onarpen prozesua edo aurrematrikula aurki jarriko da martxan, eta eskariak aurkezteko epearen egunak ezarrita daude: otsailaren 7tik 23ra izango da. Onarpen prozesu berri honek aurreko urtean hasitako berrikuntzekin jarraituko du, guztiak ere ikasleen eskolatze orekatuagoa lortzeko helburuz.
2024-2025 ikasturterako onarpen-prozesu honetan jarraipena izango dute iaz garai honetan ezartzen hasitako berrikuntza eta neurriek. Ikuspegi sozioedukatibotik hezkuntza-sistema orekatzearen alde egiten duten neurriak dira, eta inklusibotasun-irizpide nabarmena dutenak. Neurri horietako batzuk dira ikasle zaurgarrientzako plazak gordetzea funts publikoen bidez finantzatutako ikastetxe guztietan; Zaurgarritasun Indizea sortzea, eragin-eremu bakoitzeko zaurgarritasun-ehunekoa zehazteko; edo hurbileko eskolatzearen aldeko apustua egitea, ikaslearen etxetik hurbilen dagoen ikastetxeari emanez gehieneko puntuazioa baremoan (barematu behar den kasuetarako), ikaslearen eragin-eremuaren barruan.
Prozesu progresiboa denez, aurten 3 urteko geletarako onarpenera ere hedatu dira neurriok (iaz 2 urteko geletarako aplikatu ziren). Iaz bezala, familiek nahi adina ikastetxe markatu ahal izango dute eskabidean, kopuru-mugarik gabe, lehentasun-hurrenkeran. Egun ikastetxe batean eskolatuta dauden ikasleek ez dute inola ere beste batera mugitu beharrik izango, neurri hauek aplikatzearen ondorioz. Eskabideak eta egiaztagiriak