Hezkuntza Sailak 11,9 milioi euro bideratuko ditu ikertzaileak prestatu eta hobetzeko, doktoratu aurreko kontratuen bidez eta beste 4,5 milioi euro ikertzaile doktoreak hobetzeko.
Ikerketarako baliabideak eskaintzea da Eusko Jaurlaritzaren lehentasunetako bat aurrekontuak diseinatzerakoan. Inbertsioak egin behar dira ikerketa-instalazio eta zentroetan, bai eta ikerketa-lanak egiten dituztenentzat ere.
Hezkuntza Sailak %6 handitu du doktoreak ez diren ikertzaileak prestatzeko 2024-2025 ikasturteko doktoratu aurreko programaren aurrekontua.
11.899.267 euroko zenbatekoarekin, deialdi honen helburua da ikertzaileen prestakuntza sustatzea, doktore-titulua lortzeko eta kalitatezko ikerketa zientifikoarekin lotutako gaitasunak eta trebetasunak eskuratzeko, doktorego-programa baten barruan.
416 ikertzaile 2024-2025ean
Horrela, 2024-2025 ikasturtean, 416 euskal ikertzailek doktoratu aurreko kontratu bat izango dute: 306 kontratu berrituko dira eta 110 doktoratu aurreko laguntza izango dira. 2023-2024 ikasturte honetan, 394 ikertzailek jaso dituzte doktoratu aurreko kontratu horiek: 109 laguntza berri izan dira – horietako bi neutronikaren eta partikulen azelerazioaren arlo espezifikoan eta beste bi hezkuntza-lerroan-. Gainerako kasuak, 285 kontratu berritzeak izan dira.
Doktoretza ondoko programa
Bestalde, ikertzaileen hobekuntzarako doktoratu ondoko programa berriki egokitu da, eurentzako baldintzak hobetu direnez, egokitzapenak egin behar izan dira. Doktoratu ondoko hobekuntza-programa horretan sartzen diren pertsonek hiru urteko hasierako kontratua izango dute, beste urtebetez luza daitekeena. Lehen, kontratuak urterokoak ziren, eta gehienez ere laukoak. Aldaketa horrek aurrekontu-egokitzapena ekarri du, aurten 4,6 milioi eurokoa izango dena. Era berean, ikertzaile bakoitzeko esleipena % 3 handituko da.
2024-2025 ikasturtean, 95 pertsonek doktoretza-ondoko kontratu bat izango dute programa honen bidez eta horietako 44 deialdi berri honen bitartez egingo dira.
Ikerketa orokorreko laguntzak honako jakintza-arlo hauetan doktoratu ondoko ikerketak garatzeko eskatu ahal izango dira: Oinarrizko Zientziak; Bizitzaren eta Osasunaren Zientziak; Ingeniaritzak, Teknologiak eta Arkitektura; edo Gizarte Zientziak eta Giza Zientziak.