Euskadi aitzindari garun-ikerketan

Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari atxikitako bikaintasuneko oinarrizko ikerketa-zentroak magnetoentzefalografiako ekipo berri bat du, neuronen jarduera bereizmen handiarekin erregistratzeko aukera emango duena. Horri esker, hizkuntza-prozesuetan parte hartzen duten mekanismoak azter daitezke.

Euskadik garun-ikerketaren abangoardian duen tokia sendotu du. BCBL, Basque Center on Cognition, Brain and Language, Hezkuntza Sailari atxikita dagoen ikerketa zentroak magnetoentzefalografia ekipo berria du. Ekipo berri horrek 2 milioi euroko inbertsioa behar izan du eta Eusko Jaurlaritzak finantzatu du. Azpiegitura berria BCBLren egoitzan dago, Miramongo Parke Teknologikoan. Laborategiak nazioarteko neurozientzia arloan duen gaitasuna indartu du.

Gailu horri esker, azterketetan parte hartzen duten pertsonen jarduera neuronala erregistratu ahal izango da, aparteko denbora eta espazio-bereizmenarekin. Erabiltzen den metodo teknologikoa ez da kaltegarria; neuronek elkarrekin komunikatzean sortzen dituzten korronte elektrikoek sortutako eremu magnetikoak biltzen ditu. Tresna berriak entzumen eta ikusmen-estimuluak aurkezteko aukera ematen du, parte-hartzailearen garuneko jarduera, eserita edo etzanda, 306 sentsoreren bidez neurtzen den bitartean. Informazio horrek garunaren eskualde jakin bat noiz eta non aktibatu den adierazten digu, eta hori funtsezkoa da gure hizkuntza-gaitasunak eta garuneko egituren eta horien funtzioen arteko harremanak nola ezarrita dauden ulertzeko.

Baina zer da BCBL?

Basque Center on Cognition, Brain and Language nazioarteko diziplina arteko ikerketa zentroa da. Donostian du egoitza, kognizioa, garuna eta hizkuntza aztertzeko. Euskadin dauden bederatzi BERCetako bat da, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako Oinarrizko eta Bikaintasunezko Ikerketa Zentroetako bat. Euskadiko oinarrizko zientziaren aitzindaria.

BCBLek Euskadin zientzia eta ikerketa sustatzea du helburu. Gainera, Ikerbasque, Innobasque, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) ditu bazkideen artean.

Zentroaren jardueraren helburu espezifikoa hizkuntzaren eskurapenean, ulermenean eta ekoizpenean inplikatutako mekanismo neurokognitiboak aurkitzea da, elebitasuna eta eleaniztasuna bereziki azpimarratuz.