Eusko Jaurlaritzak Erasmus+ mugikortasun-proiektuak egiteko laguntza-programa argitaratu du berriz, datorren ikasturterako. Ikasleek zein irakasleek eskatu ditzakete dirulaguntzak. Azken zortzi ikasturteetan 11.000 pertsona baino gehiago irten dira Euskaditik beka horiei esker.
Erasmus+ Europar Batasunaren programa da, hezkuntza, prestakuntza eta, oro har, gazteria eta kirola babesten dituena. EBren finantza-ekarpena mugikortasunaren aurrekontu osora iristen ez denez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak laguntza-deialdi bat ireki ohi du Europako finantzaketak babesten ez duen aurrekontuaren zatia ordaintzen laguntzeko.
Aurtengoan, 2023-2024 ikasturtean, ikastetxe publikoek zein itunduek eskatu zuten Erasmus+ mugikortasun-proiektuak egiteko laguntza. Euskadiko Lanbide Heziketako 786 ikaslek eta 654 irakasleren bidaiak batera finantzatu ziren. Deialdi horretaz gain, Erasmus+ deialdiko beste programa batzuk barne, FP-Euskadik 2.000 pertsona baino gehiago mobilizatzen ditu urtero, ikasle eta irakasle artean.
2016-2017 ikasturteaz geroztik, 11.000 euskal herritar baino gehiago joan dira atzerrira Erasmus+ programari esker. Programak Europako hainbat herrialde hartzen ditu, eta oso aberasgarria da; izan ere, parte-hartzaileek beren garapen profesionalerako prestakuntza, ezagutzak, trebetasunak eta kualifikazioak eskuratzen dituzte.
Horrela, Eusko Jaurlaritzak aukera ematen du Lanbide Heziketako ikasleek atzerrian prestatzeko aukera gehiago izan ditzaten, eta lagundu egiten du ikasleek hezkuntzaren esparrutik lan-merkatura igarotzeko behar dituzten trebetasunak eskura ditzaten.