Berdintasunaren zientzia

Hogeita hamar euskal erakundek baino gehiagok bat egin dute emakumeak zientzian duen papera ikusarazteko, eta programa zabala eskaini dute elkarrekin, Emakumeak Zientzian programaren 8. edizioan.

32 euskal erakundek indarrak batu dituzte Emakumeak Zientzian proiektuaren inguruan. Erakunde horien artean Oinarrizko eta Bikaintasuneko Ikerketa Zentroen kategorian akreditatutako Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzarako Euskal Sareko eragileak daude. 

Zientziaren arloan ere emakumeen eta gizonen arteko berdintasunerantz urratsak egitea da helburu nagusia: emakumeen jarduera zientzian ikusaraztea, jarduera zientifiko-teknikoei esleitutako rol tipiko maskulinoak haustea eta nesken eta nerabeen artean karrera zientifikoak aukeratzea sustatzea.

Helburu horiek gogoan, erakundeek elkarrekin bat egiten dute urtero otsailaren 11ren inguruan. Egun horretan Zientziako Emakumearen eta Neskaren Nazioarteko Eguna ospatzen dela-eta jarduera-programa bat antolatu dute.

60 jarduera baino gehiago

Emakumeak Zientzian 2024 programaren egitaraua otsailaren 8tik 16ra bitartean antolatu da. 60 jarduera baino gehiago dituen programa bat diseinatu dute hiru lurralde historikoetan, "zientzia nesken kontua da" mezua ahalik eta pertsona gehienengan iritsi eta sar dadin.  Egitaraua hemen ikus daiteke.

Adin guztietako jendearentzat irekiak dira jarduerak. Donostian, Bilbon eta Gasteizen “Atzoko eta gaurko emakume zientzialariak” ekitaldia izan da. Bertan, ikerketaren hainbat arlotan lan egiten duten emakume zientzialariek beren ikerketa-proiektuei buruz hitz egin dute eta historiako zientzialari handi batzuei aitorpena egin diete, haien bizitzaren eta ekarpen zientifikoen kontakizunaren bidez.

Ikerketa-zentro eta tailer espezifikoetara ikasle nerabeek egin ohi dituzten bisitez gain, aurten Eskolako Itzulia esperientzia errepikatu dute. Honen bidez, 60 emakume ikertzaile baino gehiago joan dira ikastetxeetara beren esperientziak kontatzera eta, horrela, ikasleen artean bokazio zientifikoa pizten laguntzera. Bestalde, zazpi ikerketa-zentrok ateak ireki dituzte, garatzen duten ikerketaren berri familiei emateko.

Saria eskuratzeko azken egunak!

Otsailaren 11 ospatzeak saria izan dezake. Bideoak bidali besterik ez da egin behar, Emakumeak Zientzian taldearen "Ertzak" ereserkia erabiliz osatutako bideo bat. Denak balio du! Abestu, dantza egin edo performance libre bat egin daiteke ereserki horren musikarekin. https://www.youtube.com/watch?v=P_BHJlSYO6I

Jasotako bideoek honako hauek irabazteko aukera izango dute: emakume zientzialari historikoekin ilustratutako CASIO kalkulagailu zientifikoen sorta bat, jasotako bideo guztien artean zozketatuko dena. Gainera, parte-hartzaile guztiek pegatina eta poster sorta bat jasoko dute, emakume zientzialarien ilustrazioekin. Bideoa bidaltzeko azken eguna otsailaren 16a da. Sakatu hemen parte hartzeko: https://emakumeakzientzian.eus/festa-emakumeak-zientzanekin-klasean-zozketa/