Berdintasunerako jolastokiak

Nork edo zein jarduerak hartzen du zure eskolako jolastokian lekurik handiena? Azkenaldian, kanpoko jolastokiak aldatzeko ekimenak garatu dira, ekitatiboagoak izan daitezen. Helburua da desberdintasuna indartzen duten botere-rolak eta jarrerak saihestea, eta patioa guztiontzako lekua izatea.

Patioak aldatzen ari dira, leku inklusiboak izan daitezen. Berdintasuna izan behar da nagusi eskoletako jolasguneetan. Patioak kalitatezko harremanak eta esperientziak ikasteko eta eraikitzeko lekuak dira, berdintasunean eta errespetuan oinarrituak.

Jolastoki inklusibo kontzeptuak jolaserako espazioak eta uneak sortzeari egiten dio erreferentzia, ikastetxeko haur guztiek beren intereseko jolas-jarduerak egiteko lekua aurkitu ahal izan dezaten, ikuspegi inklusibotik eta hezkidetzatik. Gainera, sarritan eskola-orduetatik kanpo ere erabiltzen diren lekuak dira.

Azken bi urteotan, Hezkuntza Sailak 130 ikastetxe publiko ingurutan jolatokien eraldaketak sustatu ditu, hezkidetza eta inklusio irizpideekin, eta kasu askotan tokian tokiko udalekin elkarlanean.

"Hezkuntza Sailaren Euskal Hezkuntza Sistemarako Hezkidetzako II. Plana: berdintasunaren eta tratu onaren bidean" planaren ildotik, ekintza horiek baliabideen eta espazioen bidezko erabilera sustatzearen aldeko apustuari erantzuten diote; izan ere, espazioen banaketak eta erabilerak eta hezkuntza-ingurunearen antolaketak ere zeregin garrantzitsua dute gizarte-balioen eta -arauen transmisioan. Hezkidetza-espazioak eta elkarbizitza nagusi den patioak ahalbidetzea da helburua, sexua, adina, sexu-orientazioa, gaitasunak eta genero-adierazpena edozein direla ere.