Bidelaguna: zure eskolaz kanpoko laguntza

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren Bidelaguna proiektuak zaurgarritasun egoeran edo atzean geratzeko arriskuan dauden ikasleen emaitzak hobetzeko baliabideak eskaintzen ditu. Begiraleek lana antolatzen, behar duten denbora eskaintzen eta ikasteko ohiturak hobetzen laguntzen diete.

Gaur egun, 317 ikastetxek 445 laguntza-begiraleren laguntza dute Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikastetxeetan, eskola-orduetatik kanpo.

Bidelagun, izenak berak adierazten duen bezala, ikasleek euren bidean duten laguntasun bat da; gizarte-desabantailan egotearen eraginez beharrizan bereziak dituztenentzat edo eskola-atzerapena duten ikasleentzat sortua. Beraz, programa hau gizarte arloarekin lotuta dago.

Bereziki konplexuak diren ikastetxeetako Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailetako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako ikasleei zuzenduta, Bidelagunek eskola-arrakastaren indizeak hobetzen laguntzen du. Urtean 1,8 milioi euroko inbertsioa eginda, eskola-atzerapenari aurre egiteko aukera ematen du, lanaren antolaketa eta ikasteko ohiturak hobetzen lagunduz.

Laguntzeko begiraleak

Laguntza honen zeregina ez da ohiko irakasleak ordezkatzea, ezta haien irakaskuntza edo funtzioak bikoiztea ere. Ikasleei banaka eta taldean laguntzea da helburua, eskolako lanak egiteko zailtasunak konpon ditzaten. Begiraleek eskolen martxan, plangintzan eta eskolako lanaren ordenan egunean izaten laguntzen diete.

Laguntza-programa ikastetxearen konfiantzakoak diren begiraleak erabiliz egiten da (ahal dela, ikasle ohiak, unibertsitateko ikasleak...). Ikasleekin errazago konektatzen dute eta aldi berean, irakasleentzako informazio-iturri onak dira.

Inklusioa bultzatzea euskal hezkuntza-sistemaren funtsezko elementua izanik, programa hau eskola inklusiboa bultzatzeko eta aniztasunari erantzun egokia emateko neurrietako bat da.