Denok eskola-jazarpenaren aurka

Eskola-jazarpen kasuen antzematea asko hazi da hezkuntza-komunitatearen inplikazioaren ondorioz eta eskoletan egindako ikuskapenari esker. 2022-2023 ikasturtean 218 kasu identifikatu ziren Euskadin, Ikuskaritzak aztertutako 1.543 kasuetatik %14.

 

Ikastetxeek, Hezkuntza Ikuskaritzak eta laguntza-zerbitzuek bullyingaren aurkako inplikazioa eta konpromisoa sendotu dute: 2008an 75 kasu posible aztertu ziren eta azken ikasturtean 1.500 egoeratik gora aztertu zituzten eskola jazarpena izan zitekeen susmopean. Kasuak aztertu ondoren, egiaztatu zuten, joan den ikasturtean guztira 218 jazarpen kasu izan zirela ikastetxeetan. Beraz, Hezkuntza Saileko Ikuskaritzak aztertutako 1.543 kasuetatik % 14 bullying gisa identifikatu ziren azkenik.

Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan (12 eta 16 urte bitartean) gertatzen dira jazarpen kasu gehien (guztien %61), eta bereziki DBHko 1. eta 2. mailetan, kasu guztien %47. Aipatzekoa da, halaber, kasuen %27an jazarpena sare sozialen, Interneten edo beste edozein bitarteko zibernetikoren bidez gertatu dela nagusiki, ziberbullying kasuak dira horiek.

Detekzio gehiago

Bizikidetzarik gabe hezkuntzarik ez dagoela sinetsita, hamarkada bat pasatxoan ikastetxeetan irekitako eta Hezkuntzako Ikuskaritzak aztertutako eskola-jazarpeneko egoeretan jarduteko protokoloek gora egin dute: 2008-2009 ikasturtean aztertu ziren 75 kasuetatik 2022-2023 ikasturteko 1.543etara.

Hezkuntza-komunitatearen inplikazioa gero eta handiagoa da eskola-jazarpenaren aurkako borrokan. Sentsibilizazio, prestakuntza eta jarraipen handiago horren ondorioz, zalantza txikienaren aurrean, kasu posible bakoitza aztertu egiten da eta eskola-jazarpeneko egoeretan jarduteko protokoloa irekitzen da. Hezkuntza Sailak prestatu du protokolo hori eta kasu horietan, nahitaez bete behar dute funts publikoekin sostengatutako ikastetxe guztiek. Datu horiek azaltzen dituzten arrazoien artean, aipatzekoa da baita ere, azken urteotan Ikuskaritzak zeregin aktiboagoa izan duela gai honen aurrean. Kasuak antzemateko tresnak ere hobetu dituzte.

Bizikasi ezagutzen duzu?

Bizikasi Hezkuntza Sailak eskola-jazarpenaren aurka eta bizikidetza positiboa indartzeko abian jarritako ekimena da. Dagoeneko zazpi ikasturte egin ditu Euskadiko ikasgeletan. Ikastetxeak eta ikasleak ahaldunduz, bullying-ari aurre egiteko ekimena da.

Azken urteotan prestakuntza-lan handia egin da hezkuntza-komunitate osoan. BAT (Bullying-aren Aurkako Taldea) izeneko taldeak sortu dira, eta ikastetxe publikoetako familiei, irakasleei eta langileei eskola jazarpenaren inguruko prestakuntza eskaini zaie.