Cyberleiha: bikain zibersegurtasunean

Euskadiko Lanbide Heziketaren CyberLehia txapelketaren finala joan zen astean jokatu zen, 5 talde finalisten artean. 25 ikastetxetako 280 neska-mutilek hartu dute parte lehen edizio honetan.

Cyberleiha zibersegurtasuneko lehiaketa bat da, Lanbide Heziketako Goi Mailako ikasleentzako prestatu da. Aurreko astean egindako hiru orduko lehiaketa biziaren ondoren, honako hauek dira puntuaziorik handiena lortu zuten taldeak, eta, beraz, CyberLehiaren lehen edizioaren irabazleak: CIFP Tartangako C0ok1e_monst3r taldea (329 puntu), Maristak Durango LHIPIko TortugaGuard (233 puntu) eta ikastetxe bereko TempleOS 2.0 taldea (217 puntu).

Lanbide Heziketako 25  ikastetxek parte hartu dute Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatutako lehiaketa honetan. Lehiaketaren heziketa-ziklo eta espezializazioak hauei zuzendu zaie: Sareko Sistema Informatikoen Administrazioa, Plataforma Anitzeko Aplikazioen Garapena, Web aplikazioen Garapena, Automatizazioa eta Robotika Industriala, Telekomunikazio eta Informatika Sistemak, Sistema Elektroteknikoak eta Automatizatuak, Zibersegurtasuna eragiketa-teknologien inguruneetan, Zibersegurtasuna informazioaren teknologien inguruneetan.

Zertan datzan

Eraso eta defentsako CTF izeneko erronka-modalitatean garatu da lehiaketa (CFT, Capture The Flag ingelesezko akronimoa, harrapatu bandera euskaraz). Talde bakoitzaren helburua aurkarien bandera edo kodea harrapatzea da, horrek berresten baitu erronka behar bezala ebatzi dela. Ekipo bakoitzak ahultasunak dituen zerbitzari bat edo ekipo-sare bat du, eta horiek babestu behar ditu, kontrako ekipoetarako sarbidea lortzen saiatzen den bitartean (erasoan). Hau da, helburu bikoitza dute: talde aurkarien azpiegiturei eraso egin behar diete eta, aldi berean, aurkarien erasoetatik eurena defendatu behar dute. Horrela, ikasleek zibersegurtasun eta hacking arloetan dituzten ezagutzak eta trebetasunak proban jartzen dituzte. Erronka honetan puntuak pilatzen dira lortutako erasoengatik, bai eta defentsa eraginkorragatik ere (eraso neutralizatuak).

Zibersegurtasunaren sektorera talentua erakartzea

Lehiaketarekin batera, zibersegurtasunaren inguruko dibulgazio-jarduerekin osatu zen jardunaldia, hala nola tailerrak, hitzaldiak edo saio teknikoak. Era berean, sektoreko enpresen partaidetza garrantzitsua izan du, Cyberzaintza (Zibersegurtasunaren Euskal Agentzia) eta Cyberbasque (Euskadiko zibersegurtasuneko enpresen klusterra) enpresen lankidetzari esker.

Zibersegurtasunaren sektorera talentua erakartzea da CyberLehiaren helburu nagusia, emakumeen parte-hartzea eta zibersegurtasunari buruzko ezagutzaren eta kontzientziazioaren hedapena bultzatuz. Ekitaldi honek zibersegurtasunaren inguruan Lanbide Heziketan egiten den lana erakusteko ere balio izan du, baita zibersegurtasuneko enpresen, Lanbide Heziketako zentroen eta ikasleen arteko interkonexioa sustatzeko ere, lankidetza eta talentua erakartzea erraztuz.