Mugikorren inguruan ere, hezi

Ikastetxe bakoitzak ezarriko ditu eskola-jardunean telefono mugikor eta erloju adimendunen erabilera arautzeko neurriak. Hezkuntza Sailak laguntza emango die, gailuen erabilera egokia eta hezkuntza-erabilera nola egin gidatzeko, baita erabilera hori arautzeko ere. Datozen asteotan abiatuko de ikastetxeetako arduradunei zuzendutako prestakuntza-egutegia. Prestakuntzari dagokionez, datorren ikasturtean familien prestakuntzan jarriko da arreta: guraso elkarteen prestakuntzara bideratzen diren dirulaguntzen deialdian gai honi emango zaio lehentasuna.

Ikastetxe publiko zein itunduetan telefono mugikorren eta erloju adimendunen erabilera datozen hilabeteetan arautuko da. Ikastetxe bakoitzak egingo du, neurri pedagogikoak hartuta, bere antolaketa eta funtzionamendu autonomiaren barruan, eta bakoitzaren berezitasunak eta testuingurua kontuan hartuta. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak jarraibideak eta prestakuntza-jardueren egutegia prestatu berri ditu, eta ikastetxeetara bidali ditu dagoeneko.

Erregulazio hori Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako, DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikastetxeen Antolaketa eta Funtzionamendu Araudian jaso beharko da, eta ikastetxe horietako Eskola Kontseiluak onartu beharko du, 2024 amaitu baino lehen.

Mehatxuak gainditu eta aukerak baliatu

Mugikorren erabilera azken urteotan hezkuntza komunitatearekin batera landu den gai bat da. Helburua da ikasleak informazio eta komunikazio-teknologien erabilera seguruan heztea, baita teknologia horien erabilera arautu behar duten printzipio etikoetan ere, ziberbizikidetza posible izan dadin. Alderdi horiek guztiak Bizikasi ekimenaren esparruan edo Euskal Hezkuntza Sistemaren Eraldaketa Digitalerako Planean jorratu dira azken urteetan, ikastetxeen eskura jarritako gida, prestakuntza eta material didaktikoen bidez.

Teknologia digitalek ahalmen handia dute irakaskuntza eta ikaskuntza-praktikak hobetzeko. Teknologia horiek irakaskuntzarako, ikaskuntzarako, komunikaziorako eta sormenerako eskaintzen dituzten aukera ugariak baliatzea da kontua. Baina, zalantzarik gabe, eta batez ere telefono mugikorrek, zuzeneko eragina dute ikasleen garapenean eta interakzioetan. Horregatik, beharrezkoa da gailu horien erabilera egokia sustatzea, eta bizikidetza positiboa bultzatuko duten ohitura, jarrera eta estrategiak bultzatzea, baita esparru digitalean ere.

Lanbide Heziketan ere bai

Lanbide Heziketak ere heltzen dio gai honi, ziberbullyinga eta telefono mugikorren erabilera egokia bezalako alderdietan arreta jarriz. Ikastetxeetan ari dira dagoeneko alderdi hauek lantzen. Baina prestakuntza-modalitate horrek ezaugarri espezifikoak ditu gainerako hezkuntza-etapen aldean. Alde batetik, ikasleen adina, batez besteko adina 20 urtetik gorakoa baita ikasleen artean (nahiz eta 16 eta 17 urtekoak ere badituen). Bestalde, gailu digitalak Lanbide Heziketan funtsezko ikaskuntza-tresna dira ikastetxeen egunerokoan. Berezitasun horiek kontuan hartuta, Lanbide Heziketako ikastetxeek ere beren Antolaketa eta Funtzionamendu Araudian islatu beharko dituzte, zentro bakoitzaren autonomiaren barruan, gero eta gehiago erabiliko diren tresna digitalen erabilerari buruz hartzen dituzten neurriak.

Hain da hori horrela, ezen Euskadiko Lanbide Heziketako Legeak (2018) ezartzen baitu Lanbide Heziketan ikerketa, besteak beste, harmonizatu egin behar dela ingurune digital berriekin eta sistema adimendunekin. Gainera, Lanbide Heziketako heziketa-zikloetan "Produkzio-sistemari aplikatutako digitalizazioa" modulua sartzen da, nahitaezko zati enborrean.

Prestakuntza, maila guztietan

Datozen asteetan, ikastetxeetako arduradunei zuzendutako prestakuntza-jardueren egutegia abiatuko da (zuzendaritza-taldeak, berrikuntzako arduradunak, orientatzaileak edo mentore digitalak, besteak beste). Zeharkako prestakuntza da, eta gai horri hainbat ikuspegitatik heltzen dio, hala nola ziberbizikidetza, ikastetxeen lidergoa, digitalizazioa edo alderdi metodologiko eta kurrikularretik. Programatutako saio guztien artean aipatzekoak dira mugikorren hezkuntza-erabilerari buruzko tailerrak eta mintegiak, bizikidetza positiboari eta ongizate emozionalari buruzkoak edo mugikorren erabilerari eta ziberbizikidetzari buruzkoak.

Prestakuntza-saio hauetan, halaber, Sailak laguntza emango die ikastetxeei gailuen erabilera arautzearen inguruan, erreferentzia gisa erabil ditzaketen hainbat erregulazio-eredu emanez. Helburua da ikastetxeei ahalik eta gehien erraztea gailu mugikorren erabilerari buruzko araudi bat egiteko lana.

2024-2025 ikasturteari begira, Hezkuntza Sailak familien prestakuntzan jarriko du arreta, familien zeregina garrantzitsua baita gazteen artean Internet eta gailu mugikorrak modu seguruan eta arduratsuan erabiltzeko. Ez da ahaztu behar ikasleek beren denboraren % 10 edo % 12 baino ez dutela igarotzen ikastetxean. Hortaz, funtsezkoa da gai honi beste ingurune batzuetan ere heltzea, hala nola familian edo gizarte arloan. Prestakuntza hau Hezkuntza Sailak urtero guraso elkarteentzat irekitzen duen dirulaguntza deialdiaren bidez gauzatuko da, mugikorren erabilera egokiari buruzko saioak lehenetsiz.