Eleaniztasunerantz izeneko laguntza-programak ikastetxe publikoen ekimenak bultzatzen ditu hizkuntza koofizialetan eta atzerriko hizkuntzetan hizkuntza-komunikazioko proiektuak garatzeko. Gaur egun, atzerriko hizkuntzetan ere ematen dira curriculumeko ikasgaiak; Euskadiko ikasle batzuek adibidez, ingelesez ikasten dute Zientzia ikasgaia.
Hizkuntzek gero eta pisu handiagoa dute eskolako curriculumean, prestakuntza akademikoaren edukietan. Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legeak aukera berriak ekarri ditu eta Hezkuntza Sailaren menpeko ikastetxe publikoek baliabideak dituzte beren hizkuntza-proiektuak sustatzeko. Euskararen erabileran sakonduz jarduten dute gainera. Eleaniztasunerantz programaren bidez, euskal ikastetxe publikoetako neska-mutilek baliabideak izango dituzte Euskadiko bi hizkuntza ofizialak (euskara eta gaztelania) eta atzerriko beste hizkuntza batzuk menderatzeko.
Eleaniztasunerantz irakasleak prestatzeko laguntza-programa bat da, hizkuntza-arloan berrikuntza-proiektuak gara ditzaten. Ikastetxe bakoitzak hizkuntza-komunikaziorako eta hizkuntzen gaitasun eleaniztun integraturako proiektu propioa egin behar du. Ikastetxeek beren ibilbide-orri propioa diseinatu behar dute Hezkuntza Legean aurreikusitako mailak lortzeko. Horretarako, curriculumeko ikasgaiak ere eskaintzen dituzte atzerriko hizkuntzetan. Gaur egun, ikasle askok eta askok beste hizkuntza batzuetan ikasten dituzte curriculumeko ikasgaiak, ingelesean adibidez, eta gero eta ohikoagoa da ikasleek Science ikastea eta ez Zientziak, edo Biology eta ez Biologia.
Irakasleak prestatzea
Eleaniztasunerantz programak irakasleak trebatzen ditu, ikasleek hizkuntzetan duten gaitasuna indartzeko. Horretarako 500.000€ inbertituko dira aurten. Irakasleek berrikuntza didaktiko-metodologikoak praktikan jarri beharko dituzte. Ekimen honek hainbat eduki garatzea planteatzen du, hala nola alfabetatze anitza, irakurtzen irakasteko metodologiak, atzerriko hizkuntza bat goiz ikasten hastea edo hizkuntzaren trataera curriculumaren arlo eta eremuetan.