
EAEko Lanbide Heziketako ikasleen % 90ek enplegua lortzen du. Neska-mutilen kualifikazioak sare industrialaren eta ekonomikoaren beharrei erantzuten die.
Hezkuntza Sailak euskal Lanbide Heziketaren egoerari buruzko azterlan bat argitaratu du formatu digitalean, lanbide-arlo bakoitzean eskainitako plazei eta enplegagarritasunari buruzko datuak biltzen dituena. Euskadiko Lanbide Heziketak eskaintzen dituen lanbide-arloei buruzko gida ere bada azterlan hori.
Informazio bilketa horrek azaltzen du EAEko Lanbide Heziketak nola erantzuten dien Euskadiko lan-merkatuaren beharrizanei. Lan-merkatuan nolabaiteko espezializazio maila batekin sartzen direnen kopurua ere adierazten du.
Azterlanaren ondorio nagusia Lanbide Heziketa amaitzen duten ikasleen enplegagarritasun handia da. Nabarmentzekoak dira "Energia eta Ura" eta "Instalazioa eta Mantentzea" familiak, ia % 100eko enplegagarritasuna baitute, % 98,08 eta % 95,01, hurrenez hurren. Ondoren, "Jarduera fisikoak eta kirol-jarduerak" (% 92,42), "Fabrikazio mekanikoa" (% 91,89), "Informatika eta komunikazioak" ( % 90,86), "Nekazaritza" ( % 90,86) eta "Segurtasuna eta ingurumena" ( % 90,15) daude. Egia esan, 23 lanbide-arloetatik % 89,60ko batez besteko enplegagarritasuna dute.
Euskal Lanbide Heziketako ateak irekita daude bertan sartu nahi duten guztientzat; izan ere, ikasturte honetan lehen mailan eskainitako 30.484 plazetatik 24.916 ikasle matrikulatu dira guztira.