Txalo bero bat musika eskolentzat

Musika Eskolek bultzada bat behar zuten euren jarduera arautzeko eta Eusko Jaurlaritzak espezialitateak eta ezaugarriak definitzeko dekretu bat onartu berri du. Arautu gabeko ikasketak ematen dituzte eskola horiek baina musika eta dantza zaletasunak asetzeko 32.000 euskal herritar joaten dira musika eskoletara.

Musika eskolak Euskadiko edozein herri edo eskualdetan aurki ditzakegun altxorra dira. Abesten duenak, dantzatzen duenak, musika egiten eta sortzen duenak bizitzari aurre egiteko modu berezi bat duela esaten da. Musika-eskolek, bertako irakasleek, musika irakaskuntzak eskaintzen dituzte. Arautu gabeko ikasketak badira ere, funtsezko zeregina betetzen dute adin guztietako milaka herritarrek musika beren bizitzako jarduera garrantzitsu bihur dezaten, prestakuntzari, zaletasunari eta errealizazio pertsonalari dagokienez.

Izan ere, 32.000 pertsona inguru joaten dira mota horretako eskoletara musika ikastera. Musika eskolek euren gizarte ingurunearen parte-hartze aktiboan eta Kultur aberastasunean eragiten du. Gaur egun, Euskadin 85 musika-eskola daude, publikoak (udal-titulartasunekoak) zein pribatuak.

Dekretu berria

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi onartu du musika eta dantza-eskolen dekretu berria, eskolak sortzeko oinarrizko arauak eta horien funtzionamendua arautzen ditu, eskola publikoetan zein pribatuetan.

Dekretu berriak Musika espezialitateak eguneratu eta osatzen ditu, eta Dantzarako espezialitate hauek jasotzen ditu: Klasikoa, Garaikidea, Euskal Dantza eta beste dantza batzuk (horien artean, hiriko dantzak, flamenkoa, dantza soziala, jazza/klakea eta munduko edozein eskualde edo joeratako beste dantza batzuk). Dantza eskolek gutxienez espezialitate horietako hiru eskainiko dituzte, eta musika eta dantza eskolek gutxienez Euskal Dantza espezialitatea.