ETHAZI: erronkak gaindituz ikastea

Ia 80.000 neska-mutil trebatu dira azken hamar urteotan, erronkak elkarlanean gainditzea oinarri duen ikasketa eredu honetan. Etekin Handiko Zikloak dira (ETHAZI). Egoera edo arazo bat planteatzen zaie ikasleei, talde osoarentzat erronka bihurtzen dena. Bizitzan bertan gertatzen den bezala, ikasiko dutela ziurra da!

Bada Euskadiko Lanbide Heziketan indarra hartu duen ikaskuntza-eredu bat. Arazoak taldean ebaztean oinarritzen da. Beste era batera esanda: erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza-eredua. Hamar urteko ibilbidean, 80.000 ikasle inguruk jaso dute prestakuntza, Lanbide Heziketako ikasleei erronkak konpontzea planteatzen dien lankidetza-formatu horretan; ETHAZI da, Etekin Handiko Zikloen eredua. 2023-2024 ikasturte honetan, 83 ikastetxetako 25.421 ikasle ari dira ikaskuntza-metodo honen bidez ikasten. Metodo horrek neska-mutilek gainditu beharreko arazoak eta erronkak planteatzen dizkie, 2.000 irakasle baino gehiagoren inplikazioarekin.

ETHAZI eredua 2013-2014 ikasturtean hasi zen, esperientzia pilotu gisa, Euskadiko Lanbide Heziketako 5 ikastetxetan, 100 ikaslerekin eta 5 heziketa-ziklotako 25 irakaslerekin. Une horretatik aurrera, eredua garatzen eta aberasten joan da. Gaur egun, Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe guztietan ezarrita dago eredua, eta 79.664 ikaslek jaso dute eredu horren gaineko prestakuntza.

Etekin Handiko Zikloak

Eredu osoa egituratzen duen elementu nagusia erronketan oinarritutako elkarlaneko ikaskuntza da: ikasleei egoera problematiko bat planteatzen zaie, talde osoarentzat erronka bihurtzen dena. Emaitza bat lortu edo erronka hau ebatzi arteko prozesu osoa egituratuta dago, ikasleek ikasten duten zikloko konpetentzia tekniko eta espezifikoak eskuratzeaz gain, profesional ororen prestakuntzan izaera estrategikoa duten zeharkako konpetentziak ere eskura ditzaten, hala nola ikasteko autonomia, talde-lana, erabakiak hartzea edo ezohiko emaitzetara bideratzea.

Egoera problematikoak, kasu guztietan, taldeetan eratutako gela bati planteatzen zaizkio. Bertan, lan-prozesuak egoera erronka gisa bizitzeko aukera eman behar die ikasleei eta hortik abiatuta, irtenbide onenak ematea ahalbidetuko dien beharrezko ezagutza sortzeko aukera izan behar dute.