Euskadi, UNESCOren GEM Report-aren Aholku Kontseiluan

Ikaskuntza hobetzea eta ikasleei aukera gehiago irekitzea izango dira Euskadik nazioarteko erakunde honetan sartzeak ekarriko dituen ekarpen nagusiak

Joan den urriaren 17an, UNESCOren egoitzan (Paris), Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak Euskadiren atxikimendua formalizatu zuen Global Education Monitoring (GEM) Report-aren Aholku Kontseilura, hezkuntzari buruzko mundu-mailako erreferentziazko txostenera.

Parte-hartze honek Euskadiri ahotsa eta ikusgarritasuna ematen dizkio etorkizuneko hezkuntza-ikuspegiak eratzen dituzten erabakietan, eta aukera eskaintzen du ikasteko, partekatzeko eta gidatzeko irakaskuntza-eredu berriak eztabaidatzen diren foroetan. Posizio estrategiko honetatik, Euskadik ikaskuntza hobetzeko eta ikasleen etorkizuneko aukerak zabaltzeko gakoetara sarbidea izango du.

Praktikan, organo honetan sartzeak analisi- eta aurreikuspen-gaitasun handiagoa ematen dio euskal hezkuntza-sistemari, emaitzak optimizatzeko eta desberdintasunak murrizteko, lehen mailako esperientzien trukean oinarrituta. Aldi berean, bere hezkuntza-eredua partekatzeko eta nazioarteko mailan irakaskuntza-sistemak indartzeko konponbideak eskaintzeko aukera ematen du.

Atxikimendu hau bat dator euskal hezkuntza-ibilbide orriarekin: berdintasuna eta inklusioa, emaitzen hobekuntza, ikasleen ongizatea, euskara ardatz duen eleaniztasuna eta aukerak sortzen dituen Lanbide Heziketa. Guzti hori UNESCOren printzipioekin bat etorriz: kalitatezko hezkuntza, aniztasuna eta bizialdi osoko ikaskuntza, baita kultura- eta hizkuntza-aniztasunaren sustapena eta babesa ere, hizkuntza eta kultura gutxituen defentsa barne.

GEM Report-ari buruz

GEM Report-a, UNESCOk urtero argitaratzen duena eta independentzia editorial osoz egiten dena, mundu-mailako erreferentzia da 4. GJHaren (Kalitatezko hezkuntza) aurrerapenak ebaluatzeko eta hezkuntza-politikak orientatzeko. Datuak, ebidentziak eta gomendioak eskaintzen ditu, hezkuntza-sistemen hobekuntza eta eztabaida publikoa indartzeko.

Gaur egun Jutta Urpilainenek (Europako Batzordeko Nazioarteko Elkarteen komisario ohia) zuzentzen duen Aholku Kontseiluak txostenaren taldeari orientazioa ematen dio hurrengo edizioen egutegiari, gaiei eta komunikazio-estrategiei dagokienez. UNESCOren, Nazio Batuen agentzien eta erakunde multilateralen (hala nola, OECD, Hezkuntzaren Mundu Aliantza, UNICEF edo Munduko Bankua) ordezkariak biltzen ditu, baita eskualde-erakundeak (OEA, ASEAN, ALECSO, SADC) eta gizarte zibilekoak (Ikasleen Mundu Foroa, Hezkuntzarako Mundu Kanpaina) ere. Estatu azpiko erakundeen parte-hartzea ez da ohikoa, eta UNESCOren interesa islatzen du bere analisi eta gomendioen “tokiko ikuspegia” indartzeko.