Euskal ikasleek ez dute amore ematen

Euskadiko neska-mutilak dira hezkuntza gutxien uzten dutenak. 18 eta 24 urte bitarteko gazteen artean, %5,6k uzten du hezkuntza eta prestakuntza modu goiztiarrean. Euskadi da, halaber, goi-mailako ikasketak dituzten biztanleen ehuneko handiena duen erkidegoa, eta horrek eragin zuzena du enplegu-tasak hobetzeko ere.

Euskadin hezkuntza goiz uzten duten pertsonen ehunekoa Estatuko txikiena da. 18 eta 24 urte bitarteko neska-mutilen artean, hezkuntza eta prestakuntza goiz utzi dutenen ehunekoa %5,6 da, adierazle horrek Espainiako estatuan duen tasaren erditik beherakoa (% 13,9).

2017an adierazle hori %7koa zen, 2030erako Europako zuzentarauak ordurako betez. Europako Hezkuntza Esparruaren marko estrategikoak lehentasuna ematen dio 2030erako hezkuntza behar baino lehen uzten duten pertsonen kopurua % 9tik behera jaisteari.

Euskadi Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako graduatuen tasan ere buruan dago: 15 urteko ikasleen ia %89k amaitzen baitu DBH. Bigarren hezkuntzako bigarren etapa baino lehen prestakuntza uzteak ondorioak eta kostuak ditu gizartearentzat, bai lan-merkatuaren ikuspegitik, bai ongizatearen ikuspegitik. Hezkuntza eta Lanbide Heziketako Ministerioak Hezkuntza Adierazleei buruz egiten duen sintesiaren ondorioetako bat da. Hortik ondorioztatzen dira eskola-uzte goiztiarrari buruzko datuak, beste adierazlerekin batera. 

Hezkuntza gehiago, enplegu gehiago

Adierazleen Sistemak hezkuntza-mailaren araberako langabezia-tasak ere jasotzen ditu, adinaren arabera. Kasu horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak du tasarik txikiena: %8,6 25-34 urteko biztanlerian, eta %7,5 25-64 urteko biztanlerian. Enplegu-tasek gora egiten dute prestakuntza-maila handiagoa dutenen artean.

Goi-mailako ikasketak dituzten 25-34 urteko biztanleen ehuneko handiena Euskadin dago (%65,3) Estatuko beste autonomia-erkidego batzuekin alderatuta. Europako Batasuneko herrialdeetan, 2022an, 25 eta 64 urte bitarteko biztanleriaren %79,5ek bigarren hezkuntzako edo hortik gorako prestakuntza-maila zeukan, Euskadiko zifraren antzerakoa (%77,8). Espainiako Estatua batez besteko hori baino 15,3 puntu beherago dago.