
Euskelec lehiaketaren zazpigarren edizioa hasi da bateriak kargatzen eta dagoeneko baieztatuta dago 25 ikastetxe arituko direla maiatzean ibilgailu elektrikoekin lehian.
Euskelec lehiaketan, Lanbide Heziketako ikastetxeetako ikasleek ibilgailu %100 elektrikoa diseinatzen eta eraikitzen dute, oinarri motor komun baten gainean (motorra, motor kontrolatzailea eta bateriak). Euskal ekimen honen helburua ikasleen artean talde-lana sustatzea da. Jarduera esperimentalak eta sormenak, elementu pedagogiko gisa, balioa eransten diote ekimenari eta Estatuko beste toki batzuetatik ere jasotzen ditu atxikimenduak. EUSKELECen VII. edizio honetan, Euskadiko 17 ikastetxek eta beste autonomia erkidego batzuetako beste zortzik parte hartuko dutela baieztatu dute.
Aurreko edizioetan legez, parte hartzaileek aurreko urteko ibilgailuen memoria teknikoak eskura izango dituzte. Horrela, beste urte batzuetako lehiakideen ibilgailuen eraikuntza-ezaugarriak aztertu ahal izango dituzte, eta euren prototipoak hobetu. Halaber, aurtengo berrikuntza gisa, online prestakuntza bat emango da hilero, probaren etapa bakoitzaren eskakizunei buruzko gaiak argitzeko, hau da, erronka bakoitzari aurre egiteko argibideak emateko. Prestakuntza-saio horiek guztiak grabatuta geratuko dira eta TKNIKAren YouTube kanalaren bidez kontsultatu ahal izango dira.
Beste alderdi berritzaileetako bat Fabrikazio Aurreratuko Diseinuko Sari Berezia izango da. Saria EUSKELEC VII autoaren edozein piezari eman ahal izango zaio. Diseinuan berritzean datza, diseinuan teknologia aurreratuak aplikatzean fabrikazio gehigarriko teknologiak erabiliz.