
57 ikastetxetako 2.828 ikasle aldi berean lehiatu ziren First Lego League-n Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen, martxoaren 2an. 16.000 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute FIRST LEGO League Euskadin azken 15 urteotan.
Euskadiko First Lego League-n (FLL) 15. edizioa Berrikuntzaren Euskal Agentziak (Innobasque), Deustuko Unibertsitateak, Mondragon Unibertsitateak eta Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatuta egin da berriki. Lehiaketak 15 urte bete ditu estatu mailan STEAM bokazioak sustatzeko lanean erreferente gisa. Horixe da, hain zuzen ere, bere helburua: euskal ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzea, STEAM Euskadi Estrategiarekin guztiz bat datorren helburua.
Aurtengo edizioak marka guztiak hautsi ditu, 2.828 ikasle izan baititu lehen aldiz, aurreko edizioan baino % 35 gehiago eta 171 talde, 2023an baino % 33 gehiago. Txapelketa aldi berean egin dute Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen.
Datuak egoitzen arabera
Bilboko Deustuko Unibertsitatearen egoitzan Bizkaia osoko 16 zentro bildu ziren eta 46 talde lehiatu ziren (24 Challenge + 22 Explore). Bestalde, Donostian Bizkaiko eta Gipuzkoako 18 zentrotako 40 taldek egin zuten (22 Challenge + 18 Explore).
Arrasaten 11 zentro lehiatu ziren guztira (6 Bizkaikoak eta 5 Gipuzkoakoak) 39 taldetan.
Amaitzeko, Gasteizko UPV/EHUko egoitzak 9 zentro hartu zituen (6 Arabakoak eta 3 Bizkaikoak), 34 lantaldetan banatuta.