Modu iraunkorrean aurrera eginez

EAEko Lanbide Heziketako ikasketa guztien xedea da Garapen Iraunkorreko Helburuak betetzea. Orain, Zizurkilgo Fraisoro baserrian dagoen “FP Euskadi Basoak” Lanbide Heziketa eta Garapen Iraunkorreko Helburuak lotuko ditu. Baso horretan bioekonomiarekin, agroteknologiarekin, lehen sektorearen digitalizazioarekin, biodibertsitatearen hobekuntzarekin, kulturarekin eta osasunarekin lotutako ikerketa aplikatuko proiektuak garatuko dira.

Basoak naturarekin eta ingurumenarekin, animaliekin eta lanareekin bat egiteko leku izan dira beti, baliabide iturri izateaz gain. Orain funtsezko baliabideak dira Garapen Iraunkorreko Helburuak (GIH) lortzeko, eta Hezkuntza Sailak Euskadiko Lanbide Heziketak sortu duen baso esperimentala aurkeztu du.

Baso honen helburua bioekonomiarekin, agroteknologiarekin, lehen sektorearen digitalizazioarekin, biodibertsitatearen hobekuntzarekin, kulturarekin eta osasunarekin lotutako ikerketa aplikatuko proiektuak bultzatzea da. Euskadiko Lanbide Heziketako prestakuntza-eremuak dira guztiak ere, Giza Garapen Iraunkorrean eragin handia dute eta baliabideen ekonomia ustiapenean oinarritutako produkzio-ereduaren esparruan gauzatzen dira.

"FP Euskadi Basoa" proiektua Tknikako Biozientzien eta Iraunkortasunaren alorretik garatu dute. Proiektua Fraisoro Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuaren lursailetan dago; Zizurkilen nekazaritza, abeltzaintza, baso-kudeaketa, natura-ingurunearen kudeaketa, eta lorezaintza arloak irakasten diren Lanbide Heziketako ikastetxe publikoan, hain zuzen.

24 zuhaitz-espezie

Udaberri honetatik aurrera Gernikako Arbolaren kimu bat duen basoa 24 zuhaitz espeziez osatuta dago. Lanbide Heziketako familia profesional bakoitzeko espezie bana. Hagina, gorostia, pagoa, artea, haltza, elorria, hurritza, izeia... Lanbide-arlo bakoitzak eremu bat du basoan, baso-espezie desberdin bati lotuta.

Baso horren sorrerarekin batera, Lanbide Heziketatik eta bera osatzen duten familia bakoitzetik ekintza bat egin nahi dute klima-aldaketari aurre egiteko; lurzorua eta uraren erabilera hobetzeko, jasangarritasuna bultzatu eta lurra zaintzeko. Etorkizuneko belaunaldientzat mundu jasangarriagoa lortzen lagunduko duten balioak eta esperientziak zabaldu nahi dituzte eta Lanbide Heziketako lanbide-familiek espezie horietako landare gehiago landatuko dituzte urtero.

Ikerketa aplikatuko eta esperimentaleko proiektuez gain, basoek bizitzari, pertsonen osasuna hobetzeari eta ondorio terapeutiko eta onuragarriei ekar diezazkieketen onurak aztertuko dituzte.