Euskadiko Lanbide Heziketak bioinprimaketan, elikagaien berrikuntzan, osasun pertsonalizatuan edo osasunaren esparruko murgiltze-teknologien arloan dihardu lanean.
Arlo biosanitarioan egiten diren ikerketek egunero harritzen gaituzte eta zaila da imajinatzea etorkizun hurbil samarrean zer lortuko ote duten osasunaren arloan. Tknika, Euskadiko Lanbide Heziketako Berrikuntza eta Ikerketa Aplikatuko Zentroa, horren lekuko da. Errenterian kokatutako zentroak proiektu ugari garatzen ditu; osasunaren etorkizunerako iragartzen diren aurrerapen teknologikoen eta zientifikoen erakusgarri. Hau guzti hau posible da Lanbide Heziketaren eta Euskadiko osasun-erakunde eta eragileen arteko lankidetzari esker, horien artean Osakidetza eta BIOEF, Berrikuntza eta Ikerketa Sanitarioko Euskal Fundazioa.
Tknikako laborategietan hainbat arlo lantzen dira egun; hala nola, bioinprimaketa, osasun pertsonalizatua, elikadura-berrikuntza, farmako pertsonalizatuen inprimaketa edo osasun-arloko prestakuntzarako teknologia murgiltzaileen aplikazioa.
Elikagai-berrikuntzako proiektuak ere egiten dituzte, elikagai-formatu berriak sortuz. Teknologia berriei esker, testura edo kolore desberdinetako elikagaiak inprima daitezke patologiaren bat duten pertsonentzat esaterako, edo elikagaiak normaltasunez irensteko zailtasuna dutenentzat. Tknikako eremu horretan bertan, beste ezaugarri batzuk dituzten elikagai berriak sortzen dituzte, hala nola, balio proteiko altuagoa dutenak edo irin mota berriak; glutenik gabeko irinak, osasun-egoeragatik edo adinagatik glutenik gabeko jakiak behar dituztenentzat.
Azala edo kartilagoak inprimatzea
Tknikako Biologia Zelularreko laborategian, 3D inprimaketak aurrerapauso bat eman du eta oraintsu arte etorkizuneko zerbait zirudiena, gaur eguneko jarduna da. Teknologia hau bioinprimaketa-proiektuetan lan egiteko erabiltzen da. Hau da, giza larruazala edo kartilagoa inprimatzeko. Paziente baten zelulen laginak hartzen dira eta landu ondoren inkubagailuetan erreproduzitzen dira. Bioinprimaketako teknologiari esker, zelula horiek inprimagailuaren kartutxoa zeharkatu eta bizirik jarraitzen dute. Horrela, gizaki bati txertatu ahal zaion ehun biologikoa lortzen dute, erredurak sendatzeko edo ultzerak tratatzeko adibidez. Etorkizunean, teknika horiek garatzeak organoak sortzea ere ahalbidetuko du.
Osasun pertsonalizatuaren eremu horretan bertan, Tknikak bioinprimaketa ere erabiltzen du botika pertsonalizatuak egiteko.
Unerik latzenetan ere lankidetza
Aipatutako lankidetza garrantzitsuenetako bat Covid-19aren pandemiaren unerik gogorrenetan izan zen; izan ere, Tknikak koordinatutako Euskadiko Lanbide Heziketako zentroek hain beharrezkoak eta urrian ziren maskarak diseinatzeko eta egiteko erabateko inplikazio erakutsi zuten, betiere osasun-agintariekin lankidetzan. Une horretan hainbesteko eskaera zuen osasun-materiala homologatzea eta fabrikatzea ekarri zuen lankidetza honek. Gainera, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza Planaren RIS3 Euskadi Estrategiaren barruan, Tknikak Osasuneko pilotaje taldean parte hartzen du.