Hasierako Lanbide Heziketa: gizarte-kohesioaren aldeko apustua

Ikasleak bizitzan zehar prestatzen jarraitzea da prestakuntza-eredu honen helburu nagusietako bat.

Datorren ikasturtetik aurrera, Lanbide Heziketako eredu berri bat izango da ikastetxeetan. Hasierako Lanbide Heziketa da; prestakuntza-eredu malguagoa, egokituagoa, irekiagoa, irisgarriagoa eta eraginkorragoa. Ekitatea eta aukera-berdintasuna bilatu nahia egon dira hau diseinatzeko abiapuntuan. Gizarte-kohesioa da eskaintza berri honen zutabe garrantzitsuenetakoa.

Hasierako Lanbide Heziketa sortzeko helburu nagusia da ikasleek ikasten jarraitzea, baita titulazio bat lortu ondoren ere. Inor atzean gera ez dadin sortu da, prestakuntza-ibilbide batetik kanpo edo ikasketekin jarraitzeko aukerarik gabe. Kolektibo ahulenetan jartzen du arreta bereziki.

Horregatik, Hasierako Lanbide Heziketak kolektibo zabal bati irekiko dizkio ateak, DBHn laprast egin duen ikasleei, dibertsitate funtzionala duten pertsonei edo migratzaileei, besteak beste. Kolektibo desberdin horien premiei erantzuten dieten hainbat ibilbide diseinatu dira, eta curriculum-garapenak kolektibo horien ezaugarrietara egokitu dira.

Kolektiboen aniztasuna

Hasierako Lanbide Heziketa askotariko ikasleei arreta emateko diseinatu da:

• Abilezia, trebetasun eta gaitasun praktikoak dituzten ikasleak.

• Ikasteko zailtasunak dituzten ikasleak.

• Dibertsitate funtzionala duten pertsonak.

• Titulurik ez baina lan-esperientzia dutenak.

• Titulaziorik gabeko langabeak.

• Prestakuntza egiaztatua duten migratzaileak.

• Prestakuntza egiaztaturik ez duten migratzaileak.

Ibilbideak

Kolektibo horiei arreta emateko, Hasierako Lanbide Heziketa hainbat ibilbidetan egituratuta egongo da:

• Ikaskuntzako ibilbide integratuak: ibilbide honen helburua oinarrizko mailako eta erdi-mailako titulua egiaztatzea da, lau urtetan zehar prestakuntza egituratua eginez. Gainera, espezializazio-ikastaro eta programekin indartzen dira.

• Ikaskuntzako ibilbide egokituak: ibilbide horien iraupena bi edo hiru ikasturtekoa izango da, eta berariazko curriculum-garapenak izango dituzte. Ikaskuntza katalogo modular malguaren bidez egiteko aukera eskainiko dute (moduluak zatika egiteko aukera), eta ingurune praktikoetara egokitutako oinarrizko gaitasunak izango dituzte.

• Ibilbide profesionalizatzaileak: lanbide edo ofizio espezifikoetara bideratutako espezializazioa sustatzen dute, eta beraz, ibilbide hauek indartu eta egokitu egiten dute dagokion lanbideari lotutako curriculuma. Teknikari-titulua, teknikari espezialistarena, goi-mailako teknikariarena eta master profesionalarena lortzea da helburua.

• Hezkuntza indartzeko ibilbideak: ikasleen lehentasun eta aurreikuspenetan oinarrituta, ingurune praktikoago batean ikasteko eta DBHko konpetentziak lortzeko aukera handiagoak dituzten ikasleentzat. Baita oinarrizko edo erdi-mailako gradu-titulua lortu duten eta hezkuntza-sistema orokorrera itzultzeko aukerak dituzten ikasleentzat ere.

• Ikaskuntzako ibilbide malguak: tituluak, ziurtagiriak eta neurrira egindako programak barne hartuko dira. Ikaskuntza katalogo modular malguan oinarrituko da. Amaitutakoan titulu eta ziurtagiri ofizialak egiaztatuko dira.