Gurekin nahi zaitugu, Kontratatuta zaude!

Eli Aguiriano desgaitasun intelektuala izanik Gipuzkoako ikastexeetan lanean hasiko den 10 lagunetako bat da. Asmoa da datorren ikasturtean beste 20 pertsona sartzea Bizkaiko eta Arabako ikastetxeetan lanean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Atzegi desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkarteak lortutako akordioari esker.

Eli Aguiriano azpeitiarra adibide da askorentzat. Desgaitasun intelektuala duen arren, laguntzaile lana lortu du Azpeitiko Iraurgi Ikastetxean. Hezkuntza Sailaren eta Atzegiren- desgaitasun intelektuala duten pertsonen aldeko Gipuzkoako elkartearen- arteko lankidetza-hitzarmenari esker egin da kontratua. Joan den urrian sinatutako lankidetza-akordioari esker, bera bezalako 29 pertsona pixkanaka hainbat zentrotara sartuko dira, hainbat zereginetarako laguntzaile gisa. Aukera hori izatea garrantzitsua da bereziki, desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako lan-aukera bat delako, eta ez hori bakarrik, beren bizi-proiektuak garatzea eta beren inguruan gehiago integratzea ere ekarriko duelako.

Hezkuntza Sailak eta Atzegik duten lankidetza-esparru horri esker, adimen-desgaitasuna duten 30 pertsonak aukera izango dute Euskadiko ikastetxeetan (publikoetan zein itunpekoetan) lan egiteko. Datozen hilabeteetan eta ikasturteetan sartuko dira lanera apurka-apurka. Aurreikuspenen arabera, lehen 10 kontratazioak 2023-2024 ikasturtean egingo dira Gipuzkoako beste horrenbeste ikastetxetan (5 publikotan eta 5 itunpekotan). Orain arte Gipuzkoako eskoletan laguntzen ibili diren hamar lagunek kontratua izango dute aurrerantzean.  Ondoren, ekimena Arabara eta Bizkaira zabaltzea da asmoa laneratze berriekin. Horrela, eskolak, institutuak eta ikastolak ezgaitasunen bat duten pertsonak gizarteratzen lagunduko duten leku bihurtuko dira.