
Haurreskolak Partzuergoak apirilaren 22tik maiatzaren 10era bitartean zabalduko du 2024-2025 ikasturterako izena emateko epea. Ondoren, ohi den bezala, hilaren lehen egunetan ere apuntatu ahal izango dira hurrengo hileko lehen eskola-egunean hastekoak diren haurrek. Haur-eskolan hasteko unean, 16 aste beteta izan beharko dituzte.
Datorren apirilaren 22an irekiko da Haurreskolak Partzuergoko haur-eskoletan izena emateko epea, 0 eta 2 urte bitarteko etaparako. 2023an eta 2024an jaiotako haurren gurasoek edo legezko tutoreek, tokia eskatu ahal izango dute edozein haur-eskolatan maiatzaren 10era arte (egun hori barne), bai online – Haurreskolak Partzuergoaren webgunearen bidez –, bai aurrez aurre, haur-eskolan.
Interesa duten familiek egutegi hau izan behar dute kontuan:
• Apirilaren 22tik maiatzaren 10era: eskaerak aurkeztea (online edo aurrez aurre)
• Ekainak 10: behin-behineko zerrendak argitaratzea
• Ekainaren 10etik 14ra: erreklamazioak eta zuzenketak egiteko epea
• Uztailaren 1ean: behin betiko zerrendak argitaratzea
• Irailak 5: umeak haur-eskolan hasteko eguna
Maiatzaren 7tik 15era bitartean jaiotako haurrek maiatzaren 24ra arte aurkeztu ahal izango dituzte eskabideak. Izena emateko apirilean eta maiatzean irekitzen den epe horretaz gain (irailean hasten diren haurrentzat), Haurreskolak Partzuergoak izena emateko beste aldi batzuk ere irekitzen ditu ikasturtean zehar – hilaren 1etik 10era, irailetik aurrera –, umeak hurrengo hileko lehen lanegunean has daitezen.
Kasu guztietan, haurrek 16 aste beteta izan behar dituzte Partzuergoko haur-eskola batean hasi ahal izateko, eta hamar eguneko egokitzapen-aldia egin beharko dute sartzean. Ezingo dira egon egunean 8 ordu baino gehiago.
Doakotasuna kontziliazio hobea lortzeko
Izen-emate kanpaina berrikuntza garrantzitsu batekin hasi zen iaz: Haurreskolak Partzuergoko haur eskolak doakoak dira 2023ko irailetik. Eusko Jaurlaritzak onetsitako 2030erako Erronka Demografikorako Euskal Estrategian jasotako ekintza nagusietako bat da, suspertze demografikorako neurri eta baldintza mesedegarrien ekosistema eratzeko helburua duena.
2023-2024 ikasturte honetan, Haurreskola Partzuergoak 238 haur-eskola ditu Euskadiko 180 udalerritan, eta guztira 8.754 plaza eskaintzen dituzte. Familiek konfiantzazko zerbitzu bat dute bertan, seme-alabentzako hezkuntzarik onena lortzeko eta lana eta familia hobeto uztartzeko.