Hezkuntza eraldatzeko lege berri bat

Hezkuntzaren Legeak Lehen Hezkuntzako matematika eta zientzien irakaskuntzen ikuspegietan hobekuntzak sartzea planteatzen du, gaitasunak hobetzeko. Zientzien eta matematiken didaktika izango da ikertu eta esperimentatu beharreko alorretako bat.

Joan den abenduaren 21ean 17/2023 Legea onartu zen, hezkuntza eraldatzeko eta hobetzeko bidea ireki nahi duen Hezkuntzari buruzko Lege berria. Legea pertsona askoren elkarlan trinkoaren emaitza da; eragile politikoena, sozialena eta hezkuntza-komunitatearena besteak beste. Alderdi guztien inplikazioa ezinbestekoa izan da Hezkuntzari buruzko Legerik onena lortzeko eta harekin datozen urteetako erronkei heltzeko.

Gure Hezkuntza aldizkariaren aurreko alean, legearen zutabe nagusiak azaldu ziren; hala nola, bere baitan dituen 102 artikuluen garapenak ekarriko dituen egonkortasunari, esparru arautuari eta egungo gizartearen beharrei erantzuteko hezkuntza-sistema eguneratzeko tresnei buruzkoak. Hezkuntza-eraldaketari dagokionez, zehazki, datozen 12 urteetan garatu beharreko 43 neurri biltzen ditu legeak. Alde batetik, hobekuntza-planak zuzendaritza-planean eta ikastetxearen hezkuntza-proiektuan integratzea planteatzen da, etengabeko hobekuntzarako funtsezko elementu gisa.

Bestalde, Lehen Hezkuntzako matematika eta zientzien irakaskuntzen ikuspegietan hobekuntzak txertatuko dira. Pentsamendu matematikoan eta pentsamendu zientifikoan eragina izango duten planteamendu didaktikoagoak sartzea da helburua. Ikasteko metologogien kontuetatik haratago, datorren otsailaren 5ean indarrean sartuko den legea irizpide hauetan oinarritzen da:

Legearen gako nagusiak

1.- Euskal hezkuntza-sistemaren erregulazio integrala sartzen du. Hau da, berdin aplikatuko zaie funts publikoekin finantzatzen diren ikastetxe guztiei.

2.- Berdintasunaren, ekitatearen eta kohesioaren aldeko apustua egiten du, gizarte-aniztasuna kontuan hartzen du eta proposamenak jasotzen ditu segregazioa eta desberdintasun-egoerak saihesteko.

3.- Hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzea bermatzen du eta ikastetxeak ahalduntzen ditu, haiek izan dezaten antolatzeko autonomia nahikoa. Ikastetxeek beren irakaskuntza-sistema inguruko errealitatera egokitu ahal izango dute.

4.- Euskara da kultura anitzeko eta kulturarteko sistema baten ardatza.

5.- Derrigorrezko bigarren hezkuntza amaitzean, ikasleek euskaraz zein gaztelaniaz B2 maila eta atzerriko hirugarren hizkuntza batean B1 maila lortuak izan beharko dituzte.