
Urte luzez hainbat eragilerekin lankidetzan aritu ondoren, 2023 urtea lege berria onartuta amaitu da. Zer esan nahi du legeak etorkizunari begira? Zeintzuk dira artikuluen giltzarriak? Zenbaki berezi honek 2024an estreinatuko dugun EAEko Hezkuntza Legearen gakoak azaltzen eta alderdi nagusiak laburbiltzen ditu.
Abenduaren 21ean onartu zen Eusko Legebiltzarrean Hezkuntza Legea. Euskadik badu Hezkuntzari buruzko Lege berri bat, hezkuntza-sistema osoa indartuko duena eta 1993ko Legea ordeztuko duena. Urteak aurrera joan ahala, hezkuntzan eta pedagogian izan diren aurrerapenek eta gizarte-eraldaketak berak beharra ekarri dute Euskadin XXI. mendeko hezkuntza berritu eta arautuko duen araudia sortzeko.
Testua pertsona askok egindako lan handiaren emaitza da. Eragile politikoek, sozialek eta hezkuntza-komunitateak hartu dute parte. Guztien inplikazioa ezinbestekoa izan da datozen urteetako erronkei helduko dien Hezkuntza Legerik onena lortzeko.
Inplikazio eta partaidetza-maila handia
Ikastetxeetako zuzendariak, irakasleak, beste hezkuntza-eragile batzuk, familiak... Ehunka lagunek hartu dute parte eta inplikazioz aritu dira. Guztion nahia izan da hezkuntza-sistemari egonkortasuna eta lasaitasuna emango dion lege bat onartzea. Prozesuak hainbat alderdi izan ditu; batetik, hezkuntza-komunitatearekin entzuketa eta eztabaida foroak, eta bestetik, Legebiltzarreko jarduna, 2022ko apirilaren 7an Legebiltzarreko gehiengo zabalarekin onartutako eta sinatutako Hezkuntza Hitzarmenarekiko erabat leial.
Hezkuntza-sistema osoan eragiten du, ez soilik sistema publikoan
Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntzari buruzko Legeak, aurreko 1/1993 Legeak ez bezala, hezkuntza publikoa arautzeaz gain, euskal hezkuntza-sistema osoa arautzen du.
Legean inklusioa eta ekitatea dira ideia nagusiak. Hau da, hezkuntzak aukera-berdintasuna bermatu behar du. Bestalde, etengabeko hobekuntza eta bikaintasuna ditu xede, hezkuntzaren eraldaketaren bidetik.