Atzerrian titulatu zara? Ondorengo hau interesatuko zaizu

Atzerrian lortutako unibertsitateko titulu eta ikasketak homologatzeko eta baliokidetzat jotzeko eskumena Eusko Jaurlaritzak kudeatuko du hemendik aurrera.

Estatu espainiarraren eta Euskadiren arteko Transferentzien Batzorde Mistoaren Osoko Bilkuran, gure erkidegoari zenbait eskumen berri eskualdatzea erabaki zuten pasa den martxoan. Horien artean dago atzerriko unibertsitate-titulu eta ikasketen homologazioak eta baliokidetasunak kudeatzeko eskumena.

Testuinguru horretan, Euskal Autonomia Erkidegoak bere gain hartzen ditu Euskadiko udalerriren batean erroldatuta dauden pertsonek atzerrian lortutako goi-mailako hezkuntza-tituluak homologatzeko edo baliokidetzat jotzeko eginkizunak.

Homologazioak esan nahi du atzerriko goi-mailako tituluek Estatuko tituluen balio berberak izango dituztela, kasuan kasuko lanbideetan jardun dezaten gaitzeko, medikuntzan, arkitekturan edo zuzenbidean, esate baterako. Euskadi izango da eginkizun horiek kudeatuko dituen autonomia-erkidego bakarra eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak izango du homologazioa eta baliokidetasuna aitortzeko eskumen hori.

Eskualdaketa datorren udan hasiko da kudeatzen eta horrek esan nahi du Euskadik bere gain hartuko duela atzerrian lortutako unibertsitate-graduko tituluen baliokidetasuna Estatuan maila akademiko ofizial batean deklaratzeko gaitasuna. Maila akademikoa egiaztatzeko ezinbesteko izapidea da, adibidez, administrazio publikoetarako oposizioetan.