
Medikuak aginduta beren ikastetxera normaltasunez joan ezin diren ikasleek, dela ospitalean daudelako, dela programa terapeutiko batean daudelako, hezkuntza-arreta dute eskura etxean edo ospitalean.
Ospitaleko eta Etxeko Hezkuntza Arretarako eta Arreta Terapeutiko-Hezigarrirako Lurralde Zentroek hezkuntza eta terapia laguntza eskaintzen diete beren eskolara ohi bezala joan ezin diren neska-mutilei. Ospitaleratuta edo etxeko ospitaleratzean daudela, ikasketekin jarrai dezakete.
Egoera horietan dauden ikasleek laguntza mota horiek hartzen dituzte, osasun-egoerak ahalik eta gutxien eragin diezaien ikasketetan. Era berean, gaixoaldia gainditzeko pizgarri gisa ere balio die. Laguntza mota hori hiru esparrutan eskaintzen da:
• Ospitale-laguntzaren eremua: Euskadiko ospitale jakin batzuetan kokatutako hezkuntza-laguntzako ikasgelak dira.
• Etxeko laguntzaren eremua: irakasleen jarduna ikasleen etxeetan ematen da, medikuak aginduta ikastetxeetara joan ezin direnean.
• Arreta teraupeutiko-hezigarriaren eremua : Osakidetzako Haur eta Gazteen Osasun Mentaleko Sarearen eta Hezkuntza Sailaren arteko lankidetzan garatzen du bere esku-hartzea.