Idazleak eta musikariak ikastetxeetan

Arrastoa uzten duen esperientzia izaten da liburu bat irakurri ondoren, autorearekin hitz egin ahal izatea. Berdin gertatzen da gogoko dugun abesti baten konpositore edo abeslariarekin solasaldi bat izateko aukera izanez gero.

Horretan datzate Idazleak ikastetxeetan eta Musikariak ikastetxeetan ekimenek; idazleak edo musikariak eskolara joan eta solasaldi bat izaten du ikasleekin. Aurrez aurreko hori ekintza jakin bat da: xumea baina ikasleengan eta bisitariengan eragiten duena. Programaren balorazioa oso altua da kultura arloko bisitarien eta ikastetxeen aldetik. 

Solasaldia eta liburuak sinatuta

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak eta Euskal Idazleen Elkarteak 26 urte daramatzate “Idazleak Ikastetxeetan” izeneko programarekin elkarlanean. Idazleek ikastetxeetara bisita egiten dute. Bisita horren aurretik ikasleek idazlearen obra aztertzen dute eta, horrela, beraientzat oso aberasgarri gertatzen den esperientzia interaktibo bati ematen zaio bide. Bisitaldi horiek, besteren artean, literatura-zaletasuna sustatzea dute helburu, baita idazleen eta ikasleen aurrez aurreko harremanak bideratzea eta euskal idazleen obrak zabaltzea ere. 12.700 ikaslek baino gehiagok izan zuten iaz aukera hori. 60 bat idazlek parte ohi dute eta 400 ikastetxe inguruk ematen dute izena programan. 

Musikaren eragina 

Musikak gazteen artean eragin handia du hainbat kanta edo musikarirekin identifikatu egiten direlako. Kulturara gerturatzeko bide nagusietako bat da musika. Literaturarekin aspaldi egin izan den erara, gazteen artean euskal kulturaren transmisioa zabaltzeko, Musikariak Ikastetxeetan izeneko programa jarri zen abian, Bigarren Hezkuntzako 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako ikasleei zuzenduta.

Euskal musikariekin aurrez aurre egoteko aukera dute gazteek programa honen bidez. Musikariek, zuzenean zenbait kanta jotzeaz gain, azalpenak ematen dituzte euren lan egiteko moduaz, abestiak konposatzeko prozesuaz edo kontzertuez. 

Programa hau duela hiru urte abian jarritakoa izan arren, 10.000 ikasletik gora izan dira saio hauetaz gozatzeko aukera izan dutenak, 140 ikastetxetan.