Desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsoriala dela eta premia bereziak dituzten ikasleek Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dute ikastetxeetara joan ahal izateko, 5,6 milioi eurora arte handitu baitira garraiorako laguntzak.
Ikasle batzuek zailtasunak dituzte beren ikastetxeetara beren kabuz joateko. Hezkuntza Sailak edo garraio publikoko zerbitzuek antolatutako eskola-lineek ez dute beren beharrei erantzuteko gaitasunik. Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak alternatibak proposatu ditu egunero etxetik ikasketak egiten ari diren zentrora joan-etorria errazteko.
Eskola-garraioan ikasleen beharrak konpontzeak eragina du haien bizi-proiektuen garapenean, ikasketetan eta autonomia pertsonalean. Beraz, eskola inklusiboaren printzipioari jarraituz, Hezkuntza Sailak oztopoak kendu edo gutxitu nahi ditu, garraioa oztopo izan ez dadin ikasteko eta gizartean bete-betean parte hartzeko.
Irizpide horrekin, Hezkuntza Sailak 200.000 euro gehiago erabiliko ditu hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleentzako eskola-garraiorako. Horrela, eskola-garraioaren banakako esleipenetara bideratutako zenbatekoa 5.617.518 eurokoa izango da guztira. Hartzaileak ezintasunen bat izanik, eskola-garraiorako eskubidea duten ikasleak dira (ezintasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala dutenak) Sailak antolatutako eskola-lineak edo garraio publikoko zerbitzu arruntak erabili ezin dituztenak, hain zuzen.