Kalitatea eskola-jantokietan

Ikasturte honetan zenbait jantokitan arazoak eragin dituen enpresak zerbitzu hori emateari utziko dio otsailaren 5ean, 17 ikastetxetan

Hezkuntza Sailak eta Serunion SA enpresak erabaki dute bertan behera uztea enpresa honek Euskadiko hainbat tokitan jantoki-zerbitzua emateko sinatuak zituen kontratuak.

Bi aldeen arteko desegite-akordioa, ikasturte honetan ikastetxe jakin batzuetako jantokietan izandako arazoak konpontzeko adostu dute.

Hezkuntza Sailak hainbat espediente zabaldu ditu eta gertakari horiek gizartean izan duten eragina ere kontuan hartuta, enpresak uko egin die ikastetxe publikoetan jantoki-zerbitzua emateko egindako azken lizitazioan lortu zituen kontratuei.

Otsailaren 5etik aurrera, sektoreko enpresek beren gain hartuko dute Serunion SA-k orain arte kudeatzen zituen lau loteetan zerbitzua ematea. Era honetan ziurtatuko da ikasle guztiek jantoki-zerbitzua bermatuta izango dutela.

Kalitatea lehentasun

Hezkuntza Saila da, familiekin batera, ikasleek kalitatezko zerbitzuak jaso dezaten lehen interesduna. Ahalegin ekonomiko handia egiten du Jaurlaritzak eta ikasleentzako jantoki-zerbitzu ona eskaintzea Hezkuntza Sailaren betebeharra da, egunean 87.135 otordu inguru kudeatzen baititu.