Hezkuntza-sistemaren iparrorratza

Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Plana irakasle orientatzaileei laguntzeko sortu da, zeregin garrantzitsua baitute: ikasleei beren proiektu pertsonal, akademiko eta profesionalen gainean erabakiak hartzen laguntzea.

Euskal Hezkuntza Sistemaren Orientazio Planak euren bidea ondo aukeratzen lagunduko die ikasleei. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, Batxilergoan eta Lanbide Heziketan aplikatuko da. Ikasleei beren bidea aukeratzen laguntzeaz gain, beren proiektu pertsonala, akademikoa eta profesionala bideratzeko helburuarekin sortu da. Planak irakasle orientatzaileen lana indartuko du. Izan ere, ikasle bakoitzari jarraitu beharreko bidea erakusten dion iparrorratza dira irakasle orientatzaileak. Plana ikastetxe publikoetan zein itunduetan aplikatuko da.

Ikasleen beharrak, ezaugarriak eta abiapuntu gisa duten testuinguru pertsonala hartuko ditu kontuan planak. Hezkuntza Legearekin eta Lanbide Heziketako Legearekin lerrokatuta, planak bermatu nahi du hezkuntza-sistema ibilbide akademiko eta profesionalak aukeratzerakoan aldaketarko motore izatea.

Ahaleginak batu, ikasleen onena ateratzeko

Bigarren Hezkuntzako etaparako Euskadiko Hezkuntza Orientazioko I. Plana (2023-2026) honako printzipio hauetan oinarritzen da: haurren eskubideak babestea, unibertsaltasuna, prebentzio integrala eta ikasle guztien ahalmenak ahalik eta gehien garatzea. Plan hau hainbat eragileren ekarpenari esker sortu da, parte-hartze prozesu zabal baten ondorioz. Hasteko, egoera ezagutzeko diagnostiko bat egin zen. 6.730 lagunek hartu zuten parte, 150 ikastetxetako ikasle, orientatzaileak eta zuzendariak tartean. Lanbide Heziketaren esparruan, sindikatuekin, patronalarekin eta Lanbide Heziketako ikastetxe integratuekin lankidetzan aritu da Hezkuntza Saila eta Elkarrizketa Sozialeko Mahaian ere aztertu da.