
Euskadiko Irakurketa Estrategiak bi tresna berri ditu: batetik, haurren artean ikasteko zailtasunak goiz detektatzeko mekanismoa eta bestetik, irakurtzeko trebetasuna neurtzen duen tresna.
Euskadiko Irakurketa Estrategiak bi tresna berri ditu: batetik, haurren artean ikasteko zailtasunak goiz detektatzeko mekanismoa eta bestetik, irakurtzeko trebetasuna neurtzen duen tresna.
Ikasleek testu bat irakurtzeko eta interpretatzeko duten trebetasuna neurtzea oinarrizkoa da hobetzeko neurriei ekin ahal izateko. Euskadi prest dago neurketa hori egiteko; irakurketaren errendimendua modu erraz eta praktikoan ebaluatzeko aukera ematen duen proiektu bat du. Tresna hori Irakas Sistema Ebaluatu eta Ikertzeko Erakundeak diseinatu du, Berritzegune Nagusiarekin lankidetzan. 2021-2022 ikasturtean Hezkuntza Sailak Irakurtzeko Trebetasuna neurtzeko proiektu pilotu bat abian jarri zuenetik, 152 ikastetxek hartu dute parte.
Irakasleek Lehen Hezkuntzako 2. mailako ikasleei egin diezaieketen banakako proba da. Bi zatitan egiten da; lehenengo zatian, ikasleak ozen irakurtzen du testu bat, eta intonazioa, abiadura eta irakurketaren zehaztasuna neurtzen dira. Jarraian, ulermena ebaluatzeko galdetegi bati erantzuten dio. Aplikazio batek bi proben emaitzak bateratzen ditu, eta grafiko batean trebetasun bakoitzaren garapen-maila erakusten du. Horretarako, datuak eskaintzen ditu: ikasle bakoitzari dagozkionak, ikasgela osoarenak, baita ikasmailarenak ere (hezkuntza-maila bakoitzeko bi lerro edo gehiago dauden ikastetxeetan). Horrela, ikastetxeak informazio hori duenean, lortutako emaitzen azterketa egiten du, ondorioak atera eta irakurtzeko gaitasuna hobetzeko neurriak hartu ahal izateko.
Ikasteko zailtasunak goiz detektatzea
Euskadiko Irakurketa Estrategiak barne hartzen duen beste tresnetako bat da; esku hartu ahal izateko ikasteko zailtasun espezifikoak goiz antzemateko eta identifikatzeko prozedura da. Ikasteko zailtasunak garaiz hautemateak aukera ematen du ikasleek izan ditzaketen oztopoak zeintzuk diren jakin, horiei heldu eta prebenitzeko. Zailtasunei konponbidea bilatuz garapen akademiko eta pertsonala bermatuko dira.
Dislexia, diskalkulia edo gisako nahaste espezifikoen detekzio goiztiarra ezinbestekoa da esku hartzeko eta errendimendu akademikoa hobetzeko. Helburu hori lortzeko, Hezkuntza Sailak "Ikaskuntzako Zailtasun Espezifikoak eta Identifikazio eta Esku-hartze Goiztiarreko Prozedura AGNH/TDAH" izeneko laguntza-dokumentu bat garatu du ikastetxeentzat. Dokumentu horretan, profesionalek ikastetxeetan egin beharreko faseak, uneak eta zereginak ezartzen dira.
Prozedura hori baliozkotzeko, pilotaje bat jarri da abian, 30 ikastetxerekin.
- 2022-23 ikasturtean Lehen Hezkuntzako lehen mailari dagokiona pilotatu da.
- 2023-24 ikasturtean Lehen Hezkuntzako 2. mailari dagokiona pilotatzen ari da.