361.553 ikaslek ekin diote 2023-2024 ikasturteari

Ikasturteko berritasunen artean, nabarmentzekoak: ingelesa 3 urtetik aurrera, ikasgela bakoitzeko ikasle gutxiago Haur eta Lehen Hezkuntzan, tutoretza bikoitzak DBHn eta baliabide gehiago hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleei arreta emateko.

2023-2024 ikasturte berria 361.553 ikaslerekin hasi da Euskadin, unibertsitateaz besteko hezkuntza-etapetan. Erdia baino gehiago, % 51,5, sare publikoan ari da.
Ikasle kopurua iazkoaren antzekoa da. Hala ere, Hezkuntza Sailak giza baliabide gehiago bideratu ditu eskola publikoetara. Aurten 601 pertsona gehiago kontratatu dira. Horien artean daude, Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetarako 374 profesional gehiago, eta 227 irakasle gehigarri Bigarren Hezkuntzan (DBH eta Batxilergoa).
Langileen gehikuntza hori bereziki garrantzitsua da Hezkuntza Berezian; izan ere, 601 profesional berrietatik 53 Pedagogia Terapeutikoan adituak dira. Hezkuntza-laguntzako espezialisten taldeak ere 87 profesional gehiago ditu.
Beste berrikuntza aipagarri batzuk: ingelesa 3 urtetik aurrera ematen hastea eta ikasgela bakoitzeko gehienezko ikasle kopurua murriztea sare publikoan. Haur Hezkuntzan, 23tik 20ra jaitsi da ratioa 3 eta 4 urteko geletan. Lehen Hezkuntzako 1., 3. eta 5. mailetan, ikasgela bakoitzeko 25 ikasle izatetik 23 izatera igaro dira. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan, tutoretza bikoitza ezartzen da 20 ikasle baino gehiago dituzten taldeetan.
Hizkuntza-hautuari dagokionez, familien % 83,1ek D eredua aukeratzen du Haur Hezkuntzan. Hori da, oraindik ere, gehien eskatzen den eredua, eta gora egiten jarraitzen du hezkuntza-etapa guztietan.