Euskadi, teknologia kuantikoan mundu mailako erreferente izatetik gertuago

Eusko Jaurlaritzak Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko foru-aldundiekin eta IBMrekin batera gidatzen duen Basque Quantum –BasQ- proiektuak, Euskadi teknologia kuantikoen polorik aurreratuena izatea du helburu Europa hegoaldean. System One ordenagailu kuantiko berria errealitate izango da 2025eko bigarren seihilekoan.

Euskadi Teknologia Kuantikoen lider bihurtzea helburu duen Basque Quantum estrategiak aurrerapausoak egiten jarraitzen du. Eusko Jaurlaritzak gidatzen du hiru lurralde historikoetako aldundiek eta IBMk parte hartzen duten lankidetza publiko pribatuko proiektu hau. Guztiek elkarlanean dihardute, teknologia kuantikoen esparruan azpiegiturak, bikaintasuneko ikerketa, prestakuntza eta berrikuntza garatzeko.
Bikaintasun-ikerketaren arloan, Zientziaren Euskal Sarearen eta IBM Research-en arteko proiektu bateratuak abiarazi dira. Prestakuntzari dagokionez, ikertzaileentzako, industriarako, unibertsitate-hezkuntzarako eta Lanbide Heziketarako prestakuntza-programak garatzen ari dira, eta horietan 80 euskal ikertzaile konputazio kuantikoan trebatuak izan dira.