Irakasleen egonkortasun handiagoa

Egun martxan dagoen 2.004 plazako Lan Eskaintza Publikoarekin, irakasleen behin-behinekotasun tasa % 5etik beherakoa izango da.

Pasa den larunbatean, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak irakasleentzat eskainitako 2.004 lanpostutarako azterketen bigarren saioa egin zen BECen. Bigarren Hezkuntzako, Arte Plastiko eta Diseinuko eta Musika eta Arte Eszenikoetako irakasleentzako 1.258 plaza dira. Bilbao Exhibition Centrek azterketa egin zuten 2.737 hautagai hartu zituen.
Joan zen astean 4.862 lagunek (%79 emakumeak eta %21 gizonak) egin zituzten azterketak beste 746 plazetako bat lortzeko, Haur eta Lehen Hezkuntzako Maisu-maistren Kidegoan sartzeko.
Urriaren 21ean eta 28an egindako proba horiek beste urrats garrantzitsu bat dira Hezkuntza Saila behin-behinekotasuna murrizteko egiten ari den egonkortze-prozesu zabalean. Sare publikoko ikastetxeetako klaustroek egonkortasun handiagoa izango dute horrela.

Behin-behinekotasuna % 5etik behera
Aurretiaz 3.300 maisu-maistra plaza baino gehiago egonkortu dira, merezimenduak aitortzeko sistemaren bidez. Era berean, abian da Hezkuntza Bereziko 520 plaza egonkortzeko prozesua ere (merezimendu-lehiaketa bidez), eta laster hasiko da sukaldeko eta garbiketako langileak egonkortzeko prozedura ere, 480 plazarekin.
Gainera, 2023-2024 ikasturte honen hasieran, joan den irailaren 1ean, karrerako funtzionario gisa 901 irakasle sartu dira, 2021eko ekainean egindako LEParen bidez plaza lortu ondoren.
Laburbilduz, egonkortze-prozesu hauek amaitzean, irakasleen arteko behin-behinekotasuna edo bitartekotasun-tasa %5etik beherakoa izango da egiturazko plazetan, Europar Batasunak ezarritako helburuaren (% 8) azpitik.