
Donostia International Physics Centerrek eta Elhuyarrek On Zientzia bideo-lehiaketaren 14. edizioa antolatu dute. Lehiaketa publiko guztiei zuzendua dago eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapenari buruzko bideo labur eta originalen ekoizpena eta hedapena sustatzea du helburu.
Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC), On Zientzia bideo lehiaketaren 14. edizioa antolatu dute, zientzia eta teknologia zabaltzeko EITB-ko Teknopolis programaren barruan. Lehiaketaren helburua da zientziaren eta teknologiaren balio positiboak eta aurrerapena sustatzen dituzten bideo labur eta originalak ekoiztea eta edozein publiko motarentzat kontsulta gisa balio dezaten bideo horiek zabaltzea. Gaia askatasunez aukera daiteke; gizartean edo komunitate zientifikoan gori-gorian dauden gaiak, grina zientifiko-tekniko pertsonalak, zientziaren oinarrizko kontzeptuak, mugarri zientifikoak, pertsonaia historikoak, etorkizuneko edo iraganeko zientzia...
Lehiaketa edozeinentzat zabalik dago, adin eta nazionalitate guztietakoentzat eta banaka zein taldeka parte har daiteke. Izena emateko fitxa baino ez da bete behar, eta www.onzientzia.tv webgunean dago eskuragarri.
Grabatu zure bideoa
5 minutu baino gutxiagoko bideo labur bat aurkeztu behar da, gai zientifiko-teknologiko bati buruzkoa, euskaraz, gaztelaniaz edo ingelesez. Jatorrizkoa izan beharko du, ez komertziala, telebistan emititu gabea eta dibulgaziozkoa. Ikertzaile-taldeak edo banakako parte-hartzaileak elementu artistikoak, musika, irudiak edo egokitzat jotzen duen beste edozein elementu erabil dezake.
Epaimahaiak "dibulgazioko bideorik onena" (3.000€), "euskarazko bideorik onena" (2.000€) eta "18 urtetik beherako gazte saria" (1.000€) kategorietan sarituko diren lanak baloratuko ditu. Epaimahaiaren sariez gain, www.onzientzia.tv webgunean boto gehien jasotzen dituen bideoak publikoaren saria jasoko du: garaikurra, bi lagunentzako afaria eta Donostiako hotel batean ostatua.
Parte hartzeko epea 2024ko apirilaren 24ra arte dago zabalik.
Beste lehiaketa bat “hominidoak” gaitzat hartuta
Donostia International Physics Centerrek beste lehiaketa bat ere babestu du, Canfranc-eko Lurpeko Laborategiarekin, Laboratorium Museoarekin eta Sevillako Unibertsitatearekin, Jot Downekin, Mercurio Kultur Aldizkariarekin eta Next Door Editores argitaletxearekin batera.
Zientzia zabaltzeko Jot Down lehiaketak lau modalitate ditu: argazkigintza, ilustrazioa, saiakera eta narratiba. Aurten, lehiaketarako aukeratutako gaia “hominidoak” izango da. Parte hartzeko lau modalitate ezarri dira: zientzia dibulgazioko saiakera onena, fikzio zientifikoko narratibako testu onena, ilustrazio zientifiko onena eta argazki zientifiko onena.
Modalitate bakoitzeko saria 1.000 eurokoa izango da. Testu irabazleak online argitaratuko dira, zehazki, dibulgazio-saiakerak Jot Down-en eta narratiba-testuak Mercurio aldizkarietan. Ilustrazio eta argazki irabazleak (edo argazki sortak) Jot Down (Jot Down edo Jot Down kids) aldizkarian edo Mercurio aldizkarian. Finalistek Jot Down + Mercurio aldizkariaren urtebeteko harpidetza eta liburu sorta jasoko dituzte eta testuak argitaratuko dira.
Lanak aurkezteko epea 2024ko apirilaren 14ko 14:00ak arte egongo da zabalik.
Parte hartzeko, mezu bat idatzi behar da ciencia@jotdown.es helbidera eta beharrezko fitxategiak erantsi. Ezinbestekoa da emailaren gaian lanaren izenburua adieraztea eta bost modalitateetatik zeinetara aurkezten den zehaztea (saiakera, narratiba, ilustrazioa edo argazkia).