Pantailen erabilerak arduratzen zaitu?

Hirugarren lerroa: pantailen erabilera abusiboari erantzuna

Datuek gizarte gisa interpelatzen gaituzte: Euskadin, nerabeen artean, nesken %25ek eta mutilen %16k interneten erabilera konpultsiboa dute. Datu hauek ez dira estatistika hutsak; gure gazteriaren zati esanguratsu batean mendekotasuna eta funtzionamenduaren narriadura eragiten duten errealitatea islatzen dute.

Erronka honen aurrean, Hezkuntza Sailak ez du geldirik jarraitzen. Bizikasi ekimenaren eta Eraldaketa Digitalerako Planaren esparruan, errealitate hori hezkuntza-komunitate osoarekin batera ari gara lantzen. Ikastetxeek dagoeneko jaso dituzte gailu mugikorren erabilerari buruzko proposamenak, eta pantailen erabilera arduratsua sustatzeko sentsibilizazio eta hezkuntza digitaleko kanpainak garatzen ari gara.

Hala ere, badakigu hori ez dela nahikoa. Pantailen inguruko eztabaida publikoa zabaldu eta maila gorenera eraman behar dugu, fenomeno konplexua baita eta hezkuntza-eremua baino haratago doana.

Horregatik, Lehendakari Imanol Pradalesek iragarri du “ikasturte hau amaitu aurretik Pantailen Erabilerari buruzko Herrialde Estrategia Integrala izango duen lan-talde bat” gidatuko duela.

Estrategia horrek Eusko Jaurlaritzako zazpi sailen parte-hartzea izango du, gai horizontal eta diziplina anitzeko erantzuna eskatzen duen auzia dela ulertzen dugulako. Talde profesional independente batekin elkarlanean arituko gara, ezagutza espezializatua eskainiz eta bide seguruagoan aurrera egiten lagunduz.

Gizarte osoa inplikatzen duen hausnarketa

Hausnarketa Eusko Jaurlaritzatik harago hedatuko da. Eztabaida hau Foru Aldundietara eta Udaletara zabalduko dugu, administrazio hurbilenak asko baitauka eskaintzeko. Halaber, komunikabideetara eta sareetako eduki-sortzaileetara ere zabalduko dugu, gure ekosistema digitalaren konfigurazioan eragile giltzarriak baitira.

Estrategia berriak erantzun integralak eskainiko dizkie ez soilik egungo gazteei, baizik eta hasieratik arreta berezia jarriko du: jaiotza aurretik. Ikuspegi prenatal bat txertatuko du, familiei hasieratik inplikazioa eskatuz, prebentzioa bizitzako lehen urteetan hasten delako.

Guztion artean eraikiko ditugu gure gizarteak teknologia modu osasungarri eta arduratsuan erabil dezan tresnak, gazteak babestuz baina mundu digitalak eskaintzen dizkigun aukerei uko egin gabe.