
2022ko udaberrian egin zen azken txostena. Oro har behera egin dute ebaluazioek ELGA (Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakunde) osoan, baina Euskadik antzeko emaitzak ditu aurreko ebaluazioekin alderatuta. Probak 2022ko udaberrian egin zituzten 15 urteko ikasleen lagin batean. Pandemiaren ondorioak jasan zituzten haiek ere; ongizate fisikoan, pertsonalean eta emozionalean eragin zien. Matematikarako gaitasunari dagokionez, azken edizio honetan gaitasun nagusia izan dena, Euskadi ELGAko batez bestekoaren gainetik gelditu da.
PISA 2022 txostenetik ondorioztatzen den datu nagusia da herrialde eta erkidego kopuru handi baten puntuazioa jaitsi egin dela, baita Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeko batez bestekoa ere. Orokorrean hala bada ere, Euskadiri dagokionean aipagarria da matematikarako gaitasunean Euskadiren batez bestekoa ELGAren, Europa Batasunaren eta espainiar Estatuaren gainetik dagoela. Arlo horretan, matematiketan jarri dute edizio honetan arreta berezia. Euskadi, besteak beste, Herbehereak, Danimarka, Erresuma Batua, Finlandia, Alemania eta Suediaren maila berean dago. Matematikarako gaitasunari dagokionez, Euskadi beti egon da ELGAren, Europar Batasunaren eta espainiar Estatuaren parean edo gainetik. Egoera hori mantendu egin da ebaluazio honetan.
PISA nazioarteko kanpo-ebaluazioa da. ELGAko eta beste zenbait herrialdeetako hezkuntza-sistemetan eskolatutako 15 urteko ikasleek parte hartzen dute bertan. Matematikako gaitasuna, irakurtzeko gaitasuna eta ikasle horiek duten gaitasun zientifikoa aztertzen ditu batik bat. Edizio bakoitzean gaitasunetako bat aztertzen da sakonago. 2022ko edizioan matematikarako gaitasuna izan da bereziki aztertzeko aukeratu dutena.
PISAko azterketak 2021eko udaberrian egin behar zituzten berez, baina Covid-19aren ondorioz 2022ko apirilean egin zituzten, pandemia ez zen oraindik amaitutzat eman. Parte hartu zuten ikasleek, jakina denez, egoera berezia jasan zuten: ikastetxeak itxita, konfinamendua eta bestelako muga garrantzitsuak izan zituzten. Beren ikaskuntza-prozesuan, bai beren ongizatean, gizarte-harremanetan eta egoera emozionalean eragina izan zuten neurri horiek. Euskadin, 96 ikastetxetako 3.352 ikaslek (15 urtekoak) parte hartu zuten, horietatik 31 ikastetxe publikoetakoak eta beste 66 kontzertatuetakoak.
Matematikarako gaitasunari dagokionez, ia herrialde guztietako puntuazioak behera egin du oro har (Japonia eta Korea izan ezik), baita ELGAren eta EBren batez bestekoak ere. Euskadik 482ko batez besteko puntuazioa lortu du gaitasun horretan 2022ko PISA ebaluazioan, espainiar Estatuko, ELGAko eta EBko batez bestekoen gainetik. Matematikarako gaitasunean dauden euskal ikasleen eskola-etekina edo errendimendua, Herbehereak, Belgika, Danimarka, Finlandia, Erresuma Batua, Austria, Letonia, Suedia, Zeelanda Berria, Lituania, Alemania eta Frantziakoaren parekoa da. Gainera, Euskadi ekitate handiena duten herrialdeen artean dago gaitasun horretan.
Irakurtzeko gaitasunari dagokionez, herrialde gehienetan beherakada izan da. Euskadik batez beste 466 puntu lortu ditu irakurtzeko gaitasunean, Estatuak eta Europar Batasunak lortu dutenaren antzeko puntuazioa da baina behera egin du ELGArekiko. Puntuazio honekin, Euskadi Herbehereak, Portugal, Norvegia, Israel, Frantzia, Kroazia edo Letonia bezalako herrialdeen batez besteko berean dago.
Zientzia-gaitasunari dagokionez, 480 puntuko batez besteko puntuazioarekin, Euskadik espainiar Estatuaren, ELGAren eta EBren antzeko joera eta puntuazioa ditu, eta aldea ez da esanguratsua. Euskadik Herbehereak, Kroazia, Norvegia, Frantzia, Italia eta Lituaniaren batez besteko eskola-etekin bera du.
PISA txostenak adierazten duen bezala, ebaluazio horren emaitzak estimazioak dira, joerak ematen dituzte, herrialde bakoitzeko ikasleen laginetatik lortzen direlako, ez biztanleria osoaren erroldatik. Gainera, ikasgai multzo mugatua aztertzen du. Konparazioak egiteko, PISAk estatistikoki esanguratsua den aldearen kontzeptua erabiltzen du. Erreferentzia horrek balio du desberdintasunak dauden ala ez interpretatzeko.
Esan daiteke, PISAk une jakin bateko argazkia erakusten duela. PISA txostenaren emaitzei garrantzia kendu gabe, beste ebaluazio eta adierazle batzuekin batera aztertu behar dira, gure hezkuntza-sistemaren egoeraren irudi osatuagoa eta errealagoa izateko.