
Hezkuntza Sailak jardunaldi batzuk antolatu ditu, adituen irizpideekin, pornografiaren kontsumoak gazteengan duen ondorioez ohartarazteko
Sexu-hezkuntzako adituak bat datoz harreman sexualei eta afektiboen inguruan hezteko estrategiak izatearen garrantzia azpimarratzean. Harreman seguru eta positiboak izateko lehen urratsak txikitatik landu daitezke, adibidez, jolas baten bidez: jolas horretan parte hartzea onartuz edo jolasa uztea erabakiz, gustura ez badaude.
Familiek, gizarte osoak, sexu-hezkuntzari heldu behar diote, eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak horretan aktiboki parte hartzea erabaki du. Duela gutxi, pornografiak nerabeengan eta gazteengan dituen eraginei buruzko jardunaldiak antolatu dira Bilbon eta Gasteizen, hezkuntzako profesionalei zuzenduak.
Gazteek informazio eta komunikazio teknologiak eskura izateak kezka sortzen du gizartean, hezkuntza-komunitatean batez ere. Oraingo honetan, mezu irmo bat helarazi nahi izan zaio gizarteari: pornografiak ez duela gazteetzat erreferente izan behar sexualitateari buruz ikasteko. 2.000 irakasle inguru deitu dira, ikasleei orientazioa emateko estrategiak eta baliabideak eskaintzeko. Adituen arabera, eduki mota horiek gero eta gazteago kontsumitzeak ondorioak ditu ikasleen arteko harremanetan, sexu-eremuan, eremu afektiboan eta, oro har, gizarte harremanetan. Sandra Sedano Balear Uharteetako irakasle elkartuak, Maria Rodriguez sexologoak eta Maider García de Vicuña psikologoak beren ikuspegia eskaini dute jardunaldiotan.
Hezkuntza Legearekin bat
Jardunaldi honek Hezkuntzari buruzko 17/2023 Legeak aldarrikatzen dituen hezkuntza-balioen sustapena du ardatz. Lege honek hitzaurrean jasotzen duenez, balioak hezkuntza-sistemaren zutabeak dira, eta "pertsona ikastetxeko eta gizarteko bizitzan txertatzeko behar bezala gidatzen duen itsasargia dira, baita gainerako herritarrekiko elkarreraginean ere". Ildo horretan, lege berriak, neska-mutilak aro digitalean "ahalduntzeaz" gain, xede du "ikasleen ongizate sozioemozionala eta bizikidetza sustatzea”. Halaber “printzipio demokratikoetan eta giza eskubideen errespetuan eta bermean oinarritutako hezkuntza aplikatzea" du helburu. Horretarako, balio eta esperientzia zibikoak lantzea, berdintasuna, ekitatea eta gizarte-kohesioa bilatzea dira apustu argiak.