Praktikaldiko irakasleak

Irakasle izateko unibertsitate-ikasketak egiten ari diren ikasleek praktikaldia egiteko plazak izaten jarraituko dute Euskadiko ikastetxeetan. Goi-mailako ikasketa horiek eskaintzen dituzten unibertsitateekin lankidetza hitzarmena berritu du Hezkuntza Sailak, eta 10.315 plaza eskaintzen ditu etorkizuneko irakasleek practicum edo praktikaldia egin dezaten, ikastetxe publiko zein itunduetan.

Practicum izeneko fasea, irakasle izateko prestatzen ari den ikasleak ikastetxe batean egiten duen praktikaldia da. Helburu nagusia da esperientzia lortzea bakoitzaren espezialitateari dagozkion gaien plangintza zein ebaluazioa egiteko eta eskolak emateko, eta baita ikaskuntza eta bizikidetza erraztuko dituen giroa sustatzeko beharrezko gizarte-trebetasunak menderatzea ere. Etorkizun hurbilean ezinbesteko izango zaien eskarmentua hartzeko funtsezko aldia da.

Praktikaldi hau honako ikasketetan ari diren ikasleei zuzentzen zaie: Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako Graduak eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako, Batxilergoko, Lanbide Heziketako eta Hizkuntzen Irakaskuntzako irakasle-lanbidean aritzeko gaitzen duen Masterra egiten ari direnei. Burutzen ari diren titulazioaren ikasketa planean jasotako praktikaldia da. 

Hezkuntza Sailak berritu egin ditu, lau ikasturtetarako (2026-2027 ikasturtea amaitu arte), ikasketa horiek ematen dituzten unibertsitateekiko lankidetza-hitzarmenak. Gainera, 10.315 plaza eskaintzen dizkie unibertsitateko ikasle horiei practicuma egin dezaten, ikastetxe publikoetan zein itunduetan. Plaza horietako 7.012 Haur eta Lehen Hezkuntzako graduetako ikasleentzat dira, eta 3.303 masterreko ikasleentzat.a

Berritasuna

Hitzarmen berri hauek dakarten berritasun nagusia da unibertsitateek beren gain hartuko dutela praktiketako ikasleen Gizarte Segurantzako kuotak ordaintzea eta kudeatzea, 2/2023 Errege Lege Dekretuan ezarritakoaren arabera. Gainera, hitzarmen berri hauek gaur egun indarrean dauden eskola-curriculum berrietara egokitu dira.