Robotekin lan egiteko prest al gaude?

FP-Euskadik adimen artifizialarekin lankidetzan arituko diren profesionalek izan beharko dituzten giza gaitasunak eta bilakaera pertsonala aztertu ditu. Horixe izan da pasa den astean Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketaren gaia. 23 herrialdetatik etorritako 400 pertsona inguruk parte hartu dute.

Dena azkar ari da aldatzen. Seguruenik aurretik inoiz izan ezagutu ez dugun (eliminar: ez den moduko) egoera batean gaude, denbora epe laburrean dena eraldatuko den garai batean; sozializatzeko, bizitzeko eta lan egiteko modua erabat aldatuko dira laster. Errealitate horren aurrean, Euskadiko Lanbide Heziketak Adimen Artifiziala erabiliko duten makinekin elkarreraginean arituko diren langileek, hau da, robotekin lanean arituko diren pertsonek zer gaitasun pertsonal eskuratu beharko dituzten aztertu nahi izan du.

2023ko Lanbide Heziketako Nazioarteko Topaketa azaroaren 22an eta 23an egin zen Donostian, "Imajinaezinerantz aurrera eginez" izenburupean. Edizio honetan, Gizakia etorkizunean zer izango den definitzeko beharraz aritu dira. Garapen teknologiko handiko etorkizun horretan, baina, gizateria indartzeko eta bultzatzeko premia handia izango da. Topaketan zehar, etorkizun hori aztertu zen zientzialarien, Adimen Artifizialeko adituen, filosofoen eta baita maisu budista baten ikuspegitik ere. Europako, Afrikako, Asiako eta Amerikako 23 herrialdetako 400 profesionalek hartu zuten parte jardunaldietan.

Zientzialariak eta monje budista

Pedro Miguel Etxenikek, Donostia International Physics Center (DIPC) Fundazioko presidenteak, "Zientzia, kultura eta etorkizuna" izeneko hitzaldiarekin hartu zuen parte topaketan, zientziak gure bizitzetan duen garrantzia azalduz. Jorge Arevalo Lanbide Heziketako sailburuordeak, bere holograma baliatuta, giza elkarreraginaren eta aurrerapen teknologikoen gainean hitz egin zuen, "Gizaki izatearen ausardia” izenburuko hitzaldian.

Laura Marrón Adimen Artifizialeko Euskal Zentroko zuzendari nagusiak eta Marc Vidal Eraldaketa Digitaleko aditu, analista eta dibulgatzaileak ere parte hartu zuten Euskadiko adimen artifizialeko ekosistemari eta etorkizuneko enpleguen bilakaerari buruzko hitzaldietan.

Lehenengo jardunaldia adituen lau panelek osatu zuten; lehenengoa "Teknologia, berrikuntza eta etorkizuna" gaiari buruzkoa eta bigarrena "4.0 Industriatik 5.0 Industriara" igarotzeari buruzkoa. Hirugarrenik, "5.0 gizarte adimentsu baten gizaki izatearen erronka" nabarmendu zen, eta laugarren panelena, berriz, “Lanbide Heziketa teknologia adimendunen erronkaren aurrean".

Bigarren egunean, azaroaren 23an, José Antonio Marina Filosofiako katedradunak, María M. Caffarel Biokimikako doktore eta biologo molekularrak eta Lbsan Zopa maisu budistak eman zituzten hitzaldiak. Zopa XIV Dalai Lamak izendatutako monje espainiarra da, eta budismoaren ikuspegia aplikatzen dio giza garapenari. Topaketa amaitzeko, "Gizakiek planteatutako ideiak" izeneko azken panel batean bildu ziren ondorio nagusiak.