
3.000 eurora arteko sariak dituzue zain. Proiektuak aurkezteko epea zabalik dago otsailaren 9ra arte. Parte hartzeko interesa duten ikastetxeek esteka honen bidez aurkeztu dezakete hautagaitza: https://steam.eus/, sarien atalean.
Ikastetxeei, unibertsitateei eta bestelako erakunde edo elkarteei zuzenduta daude STEAM Euskadi Sariak. Hezkuntza eta prestakuntza zientifiko-teknikoari bultzada ematea xede duen euskal estrategiaren baitan antolatzen dira. Aurten laugarren edizioa izango duen lehiaketak zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematiken arloko ekimenak sarituko ditu. Azken batean, arlo horietan bokazio profesionalak pizteko gai diren proiketuei aiotortza egin nahi zaie.
Zehatz esateko, Euskadin hezkuntzako ekimenak garatzean ari diren entitateei begira antolatzen dira STEAM Euskadi Sariak: ikastetxeak, unibertsitateak, Lanbide Heziketako ikastetxeak eta erakunde sozioekonomikoak (hezkuntza ez formalean ari diren entitateak, ikerketa zentroak, enpresak, eta abar). Hautagaitzak erakunde sustatzaileek edo ekimenen arduradunek aurkeztu beharko dituzte.
Sariak hiru kategoriatan banatuko dira: ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenen kategoria (Haur eta Lehen Hezkuntza, DBH eta Batxilergoa); unibertsitateek eta Lanbide Heziketako zentroek sustatutako ekimenenak eta azkenik, erakunde sozioekonomikoek sustatutako ekimenei dagokiona.
Kategoria horietako bakoitzean lehen sari bana (3.000 eurokoak) eta bigarren sari bana izango dira (2.000 eurokoak). Horrez gain, genero ikuspegia txertatzen duten ekimenentzat ere aipamen bereziak izango dira (1.000 eurorekin). Orotara, 18.000 euro banatuko dira saritan.
STEAM Euskadi Sarietan parte hartu ahal izango dute STEAM Euskadi Estrategiaren helburuak betetzen dituzten ekimen guztiek. Horretarako, STEAM hezkuntza izaera, erabilitako metodologia, lortutako emaitzak, izaera berritzailea eta ezarri beharreko hobekuntzekin lotutako alderdiak hartuko dira aintzat. Xehetasun guztiak https://steam.eus/ webgunean daude, sarien atalean. Hautagaitzak aurkezteko azken eguna otsailaren 9a da. Ebaluazioaren emaitzak 2024ko maiatzean jakinaraziko dira. Zorte on!
Zer da STEAM Hezkuntza?
STEAM Hezkuntza Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikak Artearekin eta Giza Zientziekin harremanean lantzen dituen hezkuntza mota da. Oinarrizko gaitasunak garatzen ditu, bai zeharkakoak bai diziplinazkoak, eta ikasleak ahalduntzen ditu gure gizarteko erronkei era arduratsuan aurre egiteko.
STEAM Hezkuntzak arlo horietako kontzeptuak modu bateratuan ikastea ahalbidetzen duten egoerak eragiten ditu nahita, arazoak ebazteko testuinguru praktiko batean, enpresetan eta ingeniaritzan gertatzen ohi den bezala. Ikerketan oinarritzen da: esperimentuak planifikatu, hipotesiak ikertu, informazioa bilatu, ereduak eraiki, taldean lan egin, eztabaidatu eta azalpen koherenteak proposatuz gauzatzen dira ikerketak.