Teknologia eta zientzia Europako ikasleengandik hurbil

Europako STEM Sareak gonbidatuta, Euskadik bere STEAM Estrategia aurkeztu du Bruselan, ikasleen artean bokazio zientifiko teknologikoak areagotzeko helburua duena.

Hezkuntza Saila "STEM for the Future of Europe" ekitaldian parte hartzera gonbidatu dute berriki. Euskadi Europako STEM koalizioaren parte da, eta Europako irizpideekin lerrokatuta bere estrategia propioa garatzen du ikasleen artean bokazio zientifiko-teknologikoak areagotzeko.

STEAM hezkuntza Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematika integratzen dituena da, Arteekin eta Humanitateekin lotuta. "A" horrek Zientzien eta Arte eta Humanitateen ikaskuntza-prozesu integratua dela islatzen du, ikasleengan lankidetza, sormena, talde-lana, berrikuntza eta gisako gaiak sustatuz.

Euskal estrategiak garrantzi berezia ematen dio ikasleen artean txikitatik bokazioak sustatzeari. Ildo horretan, STEAM Euskadi Estrategiari buruzko azalpenean ezagutzera eman ziren datuek erakusten dutenez, STEM eremuan sartu berri diren unibertsitateko ikasleen kopurua 3.918 da gaur egun; hau da, unibertsitateko ikasleen % 30. Unibertsitateko neska guztien artean, % 19k STEM ikasketak egiten dituzte, eta zifra hori % 4 igo da duela 5 urteko datuekin alderatuta. Lanbide Heziketa eta STEM ikasketei dagokienez, % 16 emakumeak dira.

Euskal estrategiari buruzko azalpenetan, STEAM Sare programa ere ezagutarazi zuten. Bigarren hezkuntzako ikastetxeen eta eragile sozioekonomikoen (enpresak, unibertsitateak, zentro teknologikoak eta beste erakunde batzuk) sarea da, eta elkarrekin lan egiten dute gazteei STEM ikasgaien eta lanbideen irudi errealista emateko.