
Euskadi da talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko gaitasun handiena duen bigarren erkidegoa, Berrikuntzarako Cotec Fundazioaren txostenaren arabera. Bestetik, Euskadi garaile da estatu mailan, hezkuntzako gastua, PISAren emaitzak, unibertsitate-sistemen errendimendua edo lan-bizitzako prestakuntza eta pobrezia-arriskuaren tasa aztertzen dituen adierazlean.
Euskal Autonomia Erkidegoak, Madrilgo Erkidegoarekin eta Nafarroarekin batera, talentua sortzeko, erakartzeko eta atxikitzeko gaitasuna du. Hala islatzen du Cotec erakundeak egindako 2023ko Talentuaren Mapak. Txostena berrikuntza garapen ekonomiko eta sozialaren eragile gisa sustatzea helburu duen erakundeak eta Iviek, Ikerketa Ekonomikoen Valentziako Institutuak egin dute.
Txostenak lurralde bakoitzean dagoen talentua aztertzen du, hainbat adierazletan oinarrituta. Ikerketak profesionalen migrazio-fluxuak, jatorriak eta helmugak aztertzen ditu Espainiako Estatuan.
Cotec-IVIE Talentu Indizea 55 adierazle sozioekonomikok osatzen dute, sei zutabetan antolatuta: Erraztu, Erakarri, Hazi, Atxiki, Gaitasuna eta Bokazio Teknikoak eta Ezagutza. Rankinga ezartzeko, zutabe horien batez besteko bat hartu da: 100 puntukoa da ondoen kokatuta dagoen lurraldeak lor dezakeen gehieneko balioa, eta 0 puntukoa, gutxienekoa. Euskadi "hazi" izeneko zutabearen buruan dago, eta Nafarroa "atxiki" zutabearen buruan.
Sei zutabeen azterketa
Lehenengo zutabeak, "Erraztu" izenekoak, merkatuaren ingurunea, negozioena eta lan-merkatua aztertzen ditu. Erabilitako adierazleen artean daude I+Gko gastua (ikerketa eta garapena), IKT azpiegiturak (komunikazioaren eta informazioaren teknologiak), teknologiaren erabilera... Toki nabarmena dute Euskadik eta Nafarroak, baita Madrilek ere, Alemaniako batez bestekoa gainditzen baitu.
Hiru erkidego horiek nabarmentzen dira baita ere merkatuaren irekiera neurtzen duen bigarren zutabean, "Erakarri" izenekoan. Balio erantsi handiko sektoreetako Atzerriko Inbertsio Zuzenaren fluxua hartzen du kontuan, baita atzerriko enpresen presentzia, nazioarteko ikasleena edo goi-mailako ikasketak dituzten atzerritarren proportzioa ere.
Lurralde liderra hirugarren zutabean, "Haztea" zutabean, Euskadi da. Administrazioen hezkuntza-bultzada aztertzen du, baita lortzen dituzten emaitzak ere. Adierazleak barne hartzen ditu hezkuntzako gastua, PISAren emaitzak, unibertsitate-sistemen errendimendua edo lan-bizitzako prestakuntza eta pobrezia-arriskuaren tasa.
Laugarren zutabean, "Atxikitzea" izenekoan, talentua kanporatua ez izatea errazten duten faktoreak hartzen dira kontuan. Bosgarren zutabeak, "Gaitasunak eta bokazio teknikoak" izenburupean, biztanleria aktiboaren profila neurtzen du, eta, azkenik, seigarren eta azken zutabeak, "Ezagutza" izenekoak, Ezagutzaren Ekonomian ekoizteko gai diren langileen presentzia aztertzen du. Azken horrek goi-mailako hezkuntza duen biztanleria, ikertzaile-kopurua, zientzialarien eta ingeniarien eskuragarritasuna, goi-zuzendarien ehunekoa, balio erantsi handiko esportazioa, jarduera berritzaileetako gastua edo inbertsio ukiezina aztertzen ditu. Buruan Euskadi agertzen da berriro, Madrilekin eta Nafarroarekin batera, hirurak Alemaniako datuen gainetik.