Aurten 395 ekimen lagunduko dira diruz eta aurten, lehen aldiz, energia-eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko jarduketak lagunduko dira. Berrikuntzek 10,9 milioi euroko inbertsioa ekarriko dute eta Udalaguntza programaren bidez kudeatuko dira.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak erakundeen arteko lankidetza-programa bat du zabalik, eskoletan konponketa eta eraberritze lanak bultzatzeko. Hezkuntza Sailak egin ohi dituen lanez gain, abian jartzen den programa berezia da Udalaguntza.
Duela gutxi, Udalaguntza laguntza-programa 951.065,99 euro gehiagorekin handitu zen eskaera guztiei erantzun ahal izateko. Horrela, programaren diru-zuzkidura 10,9 milioi eurora iritsi da. Euskadiko udalek finantzazioa eskatu dute, udal-titulartasunekoak izanik, ikastetxeetako eraikinetan obrak egiteko. Guztira, 395 ekimen lagunduko dira diruz, aurreko ekitaldian baino 60 gehiago.
Energia aurreztu
Udalaguntza programari dagokionez, aurtengo berrikuntza nagusia izan da eraikinetan eraginkortasun energetikoa hobetzeko eta energia berriztagarriak ezartzeko jarduketen finantzaketa sartu dela. Atal honek instalazio termikoetan (biomasa, aerotermia eta/edo geotermia), argiztapen-sistemetan, ur bero sanitarioa ekoizteko sistemetan edo iturri berriztagarrietatik energia elektrikoa sortzeko sistemetan egindako lanak bultzatzen ditu, baita kontsumoak monitorizatzeko eta erregulatzeko sistemen berritzea ere.
Energia-eraginkortasuna hobetzeko aipatutako lanez gain, deialdiak beste jarduketa batzuk finantzatzen ditu, hala nola estalkiak edo egiturak konpontzea, sarbidea eta segurtasuna hobetzea edo arotzeriako, instalazio elektrikoetako, igeltserotzako lanak.