Urruzuno, literatura-bokazioen lekuko ia 40 urtez

Aurtengo Urruzuno literatura lehiaketak ireki du lanak aurkezteko epea. Prosan zein poesian aurkez daitezke, euskaraz idatziak.

Egungo euskal idazle askok parte hartu du noizbait dagoeneko 39. ediziora iritsi den lehiaketa honetan. Urruzuno literatura lehiaketa erreferentea da euskal kultur munduan eta bertan garaile izan diren asko, ezagunak dira egungo euskal literaturan, bertsolaritzan, kazetaritzan nahiz kultura-sormenarekin loturiko beste zenbait esparrutan. Gure hezkuntza sistemako klasiko bihurturik, euskaraz idatziriko ehunka literatura lan saritu ditu, prosan zein poesian.

Aurten berriro ere parte hartzeko aukera dute DBHko 3. eta 4. mailetako, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako erdi mailako zikloetako ikasleek. Lanak aurkezteko epea urtarrilaren 8an ireki zen eta otsailaren 29ra arte izango da zabalik.

Euskal ikasleen artean literaturarako zaletasuna sustatzeko helburuz sortu zen lehiaketa, eta gazteek euskara beren gogoeta, bizipen eta sentimenduak adierazteko tresna gisa lantzeko xedea bere eginda.

Ohi bezala, literatura lanek originalak eta bakarkakoak izan behar dute, eta lehiaketa honetan izena emateko epea itxi arte bestelako literatura saririk irabazi gabeak. Lanak euskaraz sortuak izango dira, poesiaz zein prosaz idatziak. Gaia librea izango da.

Epaimahaiak 20 lan onenak aukeratuko eta sarituko ditu: 10 lan kategoria bakoitzeko (bost prosa-lan eta 5 poesia-lan). Hezkuntza Sailak liburu bat argitaratuko du saritutako lan guztiekin Sagastiberri sailean. Liburu hori Bigarren Hezkuntzako ikastetxe guztietara banatuko da.

Lehiaketaren oinarriak eta parte hartzeko orria eskura daude Hezkuntza Sailaren webgunean.

Literatura egonaldia

Saritutako ikasleek bost eguneko literatura-egonaldian parte hartzeko aukera izango dute, 2024ko udan. Egonaldi horretan, literatura tailerrak eta idazketarekin nahiz literatura-sormenarekin zerikusia duten bestelako hainbat jarduera burutuko dituzte.